Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak Ordizian du hurrengo hitzordua
Larunbatean egingo dute final zortzirenetako hirugarren saioa, Ordiziako Herri Antzokian. Igandean, Gorka Maiz gabiriarrak Zumaian kantatuko du.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak Amasa-Villabonako eta Oñatiko saioekin ekin dio aurtengo ibiliari. Hurrengo geldialdia Ordizian egingo dute, larunbat honetan. Final zortzirenetako hirugarren saioan Ainhoa Agirreazaldegi, Aitor Urbieta, Ane Zuazubiskar, Asier Azpirotz, Beñat Lizaso eta Manex Mujika ariko dira bertsotan. Epaimahaikoa berriz, bost lagun hauek osatuko dute: Eneritz Azkue, Karlos Ibarguren, Leire Beloki, Mikel Lersundi eta Mikel Urteagak. Aurkezle lanak Maddi Labakak egingo ditu, eta idazkari lanetan, Ane Errazkin ariko da. Ordiziako Herri Antzokian izango da, 17:00etan hasita.
Igandean, Zumaian
Ordiziakoaz gain, beste final zortziren bat jokatuko dute asteburuan; igandean izango da, Zumaiako Aita Mari Zineman, 17:00etatik aurrera. Bertan parte hartuko du Gorka Maiz gabiriarrak; harekin batera, Ander Lizarralde, Beñat Jauregi, Iñigo Gorostartzu, Jokin Bergara eta Unai Muñoa ariko dira kantuan.
Saio guztietarako sarrerak bertsosarrerak.eus webgunean eros daitezke, aldez aurretik. Txartel arruntak 10 euro balio du, Bertsozale Elkarteko bazkide direnentzako 7 euro, eta gazteentzat (6-16 urte) 5 euro.