Goazen Ordizia! ekimena abian da 'Koaderno gorri' eta guzti
Ariketa fisikoa eta harreman berriak egiteko egingo dute ostegunero Goazen Ordizia!. Koaderno gorriaren bidez herriko puntu beltzak identifikatuko dituzte.
Oporraldiaren ondoren, Goazen Ordizia! ekimena abian dago berriro. Gaur goizean egin dute lehen ibilalditxoa. 40 bat pertsona elkartu dira gorputza pixkat mugitu eta berriketa egiteko asmoarekin. Izan ere, bi helburu betetzen ditu egitasmoak: ariketa fisikoa egitea eta beste herritar batzuekin harreman berriak sortzea. Gaurtik aurrera, ostegunero elkartuko dira udaletxeko arkupean 10:30ean eta handik abiatuko dira.
Koaderno gorria
Ikasturte berria, berrikuntzekin dator gainera. Ordiziako Udalak Goazen Ordiziako partaideei Koaderno gorria betetzeko gonbitea luzatu die. Koaderno gorri horrek herriko puntu beltzak identifikatuko ditu: gaizki dauden espaloiak, apurtuta dauden baldosak eta bestelakoak. Ibiltarientzat oztopo izan daitezkeen horiek identifikatzea da helburua, ondoren, udalak beharrezko neurriak hartuko ditu. Koaderno gorriko fitxak betetzeaz gain, mugikorrarekin argazkiak ateratzeko eskaera zehatza egin die udalak partaideei, puntu beltz horien kokaleku zehatza zein den jakiteko.