Kirol Sariak Paredes, Valdivielso, Rodrigez eta Mujikarentzat
Orain bost urte hasi zen Legazpiko Udala urtero Kirol Sariak ematen. Kirol munduan nabarmendutakoei egindako aitortza da. Ekitaldia bihar da kultur etxean, 19:00etan
2019ko Kirol Sariak jasoko dituzte bihar, kultur etxean, Legazpiko lau kirolarik. Laura Paredesek Kirol Merezimenduen saria jasoko du, Maria Angeles Valdivielsok Eliteko Kirolaria saria, Miguel Angel Rodriguezek Bolondresen ataleko saria eta Mikel Mujikak Denboraldiko Kirol Merezimenduen saria. Ekitaldia 19:00etan izango da.
Bosgarren urtea da Legazpiko Udalak kirol arloan nabarmendutako legazpiarrei aitortza egiteko sariak banatzen dituela. Legazpiko kirol taldeek eta elkarteek egiten dituzte proposa- menak.
Laura Paredesek igeriketan egiten duen jardunagatik jasoko du bihar Kirol Merezimenduen saria, izan ere Legazpiko Igeri taldean 25 urte inguru daramatza.
Maria Angeles Valdivielso atleta hesi-lasterketetan bost aldiz Espainiako txapelduna izan zen 1980ko hamarkadaren hasieran eta selekzioan nazioartean aritu zen; garai hartan egindako ibilbideari aitortza egingo diote Eliteko Kirolarien sariarekin.
Miguel Angel Rodrigezen arloa atletismoa da baita ere. Goierri Garaia atletismo taldean aritu da 1995ean Urola atletismo taldeak eta Legazpi taldeak bat egin zutenetik. 1976tik ari da Legazpin atletismoa hauspotzen.
Sarituen artean gazteena Mikel Mujika da. Txirrindularia da eta elite mailan dabil, Debabarrena taldean. Aurten egin duen denboraldiagatik jasoko du bereziki Denboraldiko Kirol Merezimenduen saria. Mujika ematen ari den mailaren isla da, esate baterako, Ataungo San Martin txirrindularitza proban, aurreko ekainean, 23 urtez azpikoen txapela jantzi zuela.