Ordiziako saskibaloi izarrak
Ordizia K.E saskibaloi taldeak 50 urte beteko ditu 2019-2020 denboraldian. Klubeko talde guztiak aurkeztu dituzte plazan, Delteco Gipuzkoa Basketekoak bertan direla
Denboraldi berezia izango da Ordizia K. E. saskibaloi taldearentzat 2019-2020koa. 50 urte beteko ditu klubak eta hori ez da hala nola pasako. Denboraldi osorako ez ohiko egitaraua antolatu dute, eta aste honetan eman dituzte horren inguruko xehetasun guztiak prentsaurrean.
Ospakizun zaporearekin, berritasunekin eta gonbidatu bereziekin hasi nahi izan dute Ordizia K.E. saskibaloi taldekoek denboraldi berria. Taldea sortu zutela 50 urte beteko dira aurten eta urte horietan, 1.000 bat ordiziar pasa dira klubetik. Hori guztia kontuan izanda, ekintza ugari antolatu dituzte.
Irailaren 21ean, larunbata, egingo dute lehena. Sentsibilizazio jardunaldia egingo dute, 16:00etan hasita, Majori kiroldegian. Gurpildun aulkietan jokatzea zer den probatu ahalko dute bertaratzen diren guztiek. Ondoren, Salto Bera-Bera taldekoek erakustaldi partida bat jokatuko dute. Partidaren atsedenaldian, omenaldia egingo diete 1970. urtean sortu zen klubeko lehen taldea osatu zutenei. Larunbatean egingo duten horretaz gain, erakusketa, txapelketak, Azatxo Topaketa eta saskibaloi familiaren bazkaria egitea aurreikusi dute, besteak beste.
Egitarauaren inguruko xehetasunak eman ondoren, urteurrenagatik sortu duten Frontoitik kiroldegira bideoaren emanaldia egin zuten. Izenburuak berak, klubaren bidea zein den argitzen du. Sorreraren garaian, ez zegoen kiroldegirik eta Beti Alai pilotalekuan jokatzen zuten. Bideoan, klubeko jokalari eta jokalari ohiak agertzen dira.
Taldeko izarrak
Prentsaurrearen ondoren, Plaza Nagusia izan zen elkargunea. Bertan, klubeko jokalari eta entrenatzaile guztiak elkartu ziren eta talde guztiak banan-banan, taula gainera igo ziren, saskibaloiko izarren moduan.
Azkenik, gonbidatu bereziak igo ziren, Delteco Gipuzkoa Basket taldeko jokalariak eta talde teknikoa. Marcelo Nicola entrenatzailearen eta Xabi Oroz kapitainaren adierazpenen ondoren, aurreskua dantzatu zieten ordiziarrek. Opariak ere elkar trukatu zituzten.