Sindikatuek fiskaltzara joko dute Jakintzako matrikulazioen auzian
Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek "Eusko Jaurlaritzak ikastetxeen arteko desorekak areagotzen dituen erabaki eta irregulartasunak" salatu dituzte eta fiskaltzara joko dutela iragarri. Ordiziako kasua larritzat jo dute.
Ordiziako Jakintza ikastolako matrikulazioen gaiak hautsak harrotzen jarraitzen du. Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek agerraldia egin dute gaur, “Eusko Jaurlaritzak ikastetxeen arteko desorekak areagotzen dituen erabaki eta irregulartasunak” salatu eta fiskaltzara jotzeko asmoa dutela esateko. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2018an onartutako ikasleen onarpena arautzeko dekretuan dago gakoa. Sindikatuek dekretu hori urratu izana leporatu diote Jaurlaritzari, eta Ordiziako Jakintza ikastolako matrikulazioan antzemandako “irregulartasun larrien” harira salaketa jarriko dutela iragarri dute.
Sindikatu horien arabera, 2018-2019ko ikasturteko matrikulazio kanpainan posturik gabe geratutako 11 haur bertan matrikulatu zituzten azkenik. Dekretu horrek zehaztutako irizpideen arabera, 3 urteko bi gela jarri zituzten Jakintzan, pasa den ikasturtean, 50 ikaslerentzako tokiarekin. Hirugarren gela bat ere eskatu zuten, baina hasiera batean ukatu egin zien Jaurlaritzak. 11 ume lekurik gabe gelditu ziren orduan, eta familiek Lazkaoko Ikastoaln matrikulatu zituzten. Sindikatuen arabera, ordea, Hezkuntza Sailak “matrikulazioa aldatu” zuen, eta Ordizian sartu zituen, “planifikatu gabe zegoen gela batean”. Ikasturte berrirako, hirugarren gela horren finantzaketa eskatu du ikastolak, eta Jaurlaritzak onartu egin du eskaera hori.
Horrez gain, ikastetxeetan “aniztasuna modu desorekatuan” banatuta dagoela salatu dute. Datuak ere eman dituzte; Ordiziako Eskola Publikoan, HH eta LHn, %63 dira jatorria EAEn duten familietako ikasleak, eta %37 atzerritar jatorrikoak. EAE mailan, jatorri atzerritarreko familietako ikasleen %87k Eskola Publikoetan matrikulatzen dituzte umeak, eta %13k ikastoletan.