Jakintza ikastolak argibideak eman ditu ustezko irregulartasunen aurrean
Haur Hezkuntzako hirugarren gela irekitzeko baimena zuela esan du Ordiziako ikastolak. Egoera herri apustu bat dela uste dute, eta lan talde bat sortu dute
Jakintza ikastolako matrikulazio prozesuan egon diren balizko irregulartasunak albiste izan dira azkenaldian. Komunikabideetan ere atera da gaia. Horren aurrean, hainbat puntu argitu ditu Ordiziako ikastolak.
2017ko apirilaren 6an argitaratu zen Euskal Herriko agintaritzaren agiriaren arabera, Jakintza ikastolak Haur Hezkuntzako bigarren zikloan, «bederatzi gela, 225 ikasle, irekitzeko baimena dauka». Baimen hori, «errege dekretu batean dago oinarritatuta eta ikasle kopurua betetzen bada, gela kopuru hori ireki eta martxan jartzeko baimena ematen du». Hori horrela, Haur Hezkuntzako maila bakoitzean «urtero 75 ikasle jasotzeko eta matrikulatzeko aukera» dutela argitu du ikastolak.
Gela horien finantzaketa edo itunpetzea «beste kontu bat» dela esan dute ordea. Izan ere, Jaurlaritzak «aukera du gela horiek finantzatu ala ez erabakitzeko» eta kasu honi dagokionez, 2018-2019 ikasturterako HH3ko «bi gela ituntzea planifikatu zuen Jaurlaritzak». Ondorioz, Jakintza ikastolak «50 ikasle onartzeko aukera zeukan, baina 62 matrikula eskaera jaso zituen». Gurasoek bigarren aukera bezala «San Benito ikastola aukeratu zuten», baina azkenean «Ordiziako ikastolan matrikulatu ziren».
Aplikazio informatikoak 50 ikasle baino ez zituen onartu eta baremazioa aplikatuz, 12 ikasle bigarren aukerara bideratu zituen. Dena den, Jakintzak paperez aurkeztu zituen ikasle guztien datuak (62 ikasleenak) eta ikasle guztiak onartuko zituela adierazi zioten administrazioari. Horren aurrean administrazioaren erantzuna «prebarikatu gabe eman zezakeen bakarra izan zen; ikasleak Jakintza ikastolan matrikulatu eta hirugarren gela hori ez kontzertatzea».
Egoera horren aurrean, HH3ko hirugarren gela bat martxan jartzea erabaki zuten eta haren finantzaketa «guraso eta langileen esku geratu zen», Jakintzak argitu duenez.
Ikasturtea igarota, 2019-2020rako hirugarren gela horren finantzaketa eskatu zuten berriro, «Ordizian seigarren gela zabaltzea ezinbestekoa baitzen». Egoera aztertu ondoren Jaurlaritzak erabaki zuen «Ordizian sei gela ituntzea». Hiru Urdaneta ikastetxean eta hiru Jakintzan.
Beraz, «ikastolarentzat baina baita Ordiziarentzat ere egokia ez zen erabaki bati helegitea jarri» dio Jakintzak «hirugarren gelaren finantzaketa eskatuz».
Lan egiteko askatasuna
Argibideak emanda «ikastetxe bakoitzak bere hezkuntza proiektua libreki lantzeko aukera» izan behar lukeela ere esan dute. Bertan, «ikasleek ikasketak bukatzean eduki beharko luketen profila erabakitzen da». Ordizian bi aukera daude eta gurasoek «beren seme-alabentzat egokien ikusten duten proiektua aukeratzeko askatasuna izan beharko lukete».
Kanpoko jatorria duten ikasleei dagokienez, Ordiziako bi ikastetxeen artean«desoreka» nabari dutela esan dute, baina «beti ikasle guztiak onartu» dituztela.
Azkenik, egoera hau «herri apustu bat» dela uste dute. Horregatik, lan talde bat dute herriko eragileekin elkarlanean lan egiteko asmoarekin.
EHIGEk eta HEIZEk iregulartasunak salatu dituzte
EHIGE eta HEIZE elkarteek Ordizian hiru urteko ikasgeletako 2018-2019 matrikulazio prozeduran irregulartasunak izan direla salatu dituzte. Hau da publikoki salatu dutena: Hezkuntza Sailak ikasleak onartzeko eta eskolatzeko prozedura arautzen duen dekretua eta agindua ez betetzea; Ituna handitzeko eskaera bideratzeko, ikasleak modu irregularrean matrikulatu eta eskolatzea; sare pribatua argi eta garbi laguntzea eta eskola publikoaren eskaintza ahultzen duen hezkuntza itunentzako prozedura estalia; jaiotza tasa jaitsiera testuinguruan hezkuntza itunak handitzea; azkenik, Ordiziako eskola segregazioa areagotzea eta kohesio sozilean negatiboki eragiten duen gobernuaren hezkuntza politika.
Bukatzeko, hainbat eskaera egin dizkiote Hezkuntza Sailari: hezkuntza hitzartze prozesuan gelditzea, egoeraren diagnostikoa egitea eta araudia betetzea eta hezkuntza publikoa-
ren aldeko apustua egitea.