Zaldibia, kirolen herria
Zaldibian bi kirol proba jendetsu jokatuko dira, asteburuan. Korrikako 9. Herri Lasterketa larunbatean da, 7 kilometrokoa. 23 urtepeko txirrindularien karrera igandean, egutegia ahitzeko
Zaldibiako bi kirol lehiaketa aldi berean jaio ziren 2011n, eta batera ari dira urteak betetzen. Asteburuan jokatuko dira Herri Lasterketa eta Zaldibiako Sari Nagusia probak, bederatzigarren aldiz. Korrikako krosa larunbatean izango da, eta txirrindulari amateurren karrera igandean.
Udazkeneko herri lasterketen egutegi beteari Zaldibiakoan botako diote txupina. Larunbatean 11:30ean hasiko da, eta 7 kilometroko ohiko ibilbidea osatu beharko dute korrikalariek; plaza erdigunetzat hartuta, Arkaka aldera igo eta Zelaako biribilguneraino jaitsiko dira.
Izena aurretik herrikrosa.eus webgunean eman behar da (7 euro). Parte hartuko duela baieztatu du mendi duatloien zirkuituan lider dagoen Eneko Gurrutxagak, adibidez.
Irabazleentzat 120na euro daude, 80na eta 50na podiumeko hurrenentzat. Beteranoek eta Zaldibiako aurrenekoek ere garaikur bana jasoko dute. Korrikalari guztiei kamiseta bana oparituko diete.
Hamasei urtetik gorakoek parte har dezakete. 150 korrikalariren muga dago; iaz 76 izan ziren. Larunbaterako tokiak geratzen dira oraindik.
Txirrindulariak igandean
Zaldibiako 9. Sari Nagusia txirrindulari proba igandean 10:00etan hasiko da. 105 kilometroko ibilbidea prestatu du Gailurrerantz elkarte antolatzaileak. Larraitz bi aldiz igoko dute Zaldibiatik, eta hirugarren biran Gaintzara joango dira, Larraitz bideko bidegurutzetik. 12:40 aldera helmugaratuko dira.
Lehendakari txapelketako 9. eta azken proba da Zaldibiakoa.