Arana Kaleko festak suspertu nahi dituzte auzotarrek asteburuan
Hiru eguneko festa egitaraua prestatu dute. Adinik handieneko Teresa Fernandez Casal omenduko dute. Hegoak Brass Band taldearen kontzertua izango da larunbat gauean

Garai batean, ospetsuak izan ziren Arana kaleko jaiak. Josetxo Zufiaurreren Argazkiak 1873-1960 liburuan jasotzen duenaren arabera, 1952ko irailaren 6an eta 7an antolatu zituzten lehenengo aldiz Arana kalekoek festak, eta jendetza elkartzen zen bertako jaietan. Aurten, Arana kaleko hainbat bizilagun ahalegin berezia egiten ari da festak indartu eta bultzatzeko helburuarekin. Hiru eguneko festa egitaraua prestatu dute, gaur hasi eta igandera bitartean.
Gaur, 18:30ean, txokolate janarekin hasiko dira festak. Txokolate beroarekin indarrak hartu ondoren, 19:00etan, buruhandiak izango dira.
Larunbateko egitaraua ere, buruhandiekin hasiko da, 18:00etan. Ondoren, 18:30ean, Arana kaleko adin handiena duen Teresa Fernandez Casal bizilagunari omenaldia egingo diote; 90 urte ditu Fernandezek. 19:00etan txistorra jana eta 24:00etan, Hegoak Brass Band taldearen kontzertua izango dira.
Igandean, azkenik, 11:00etan, zunba saioa eta 12:00etan umeentzako jolasak izango dituzte; eta arratsaldean, 17:00-etan, Gora Kasete! haurrentzako ikuskizuna eta 18:15ean, Luna Mejicana taldearen saioa.