Laranja eta beltza itzuli dira BKLren elastikoetara
Beasaingo saskibaloi klubak berrikuntza ugarirekin ekingo dio denboraldiari, ilusioa bidelagun hartuta. 21 taldeen aurkezpena eta BKL-ko kide guztien argazkia ere atera dute.
Goiz bete-betea izango dute Beasaingo BKL saskibaloi klubekoek. Erauskin plazan egin duten taldeko aurkezpen eta argazki erraldoiaren aurretik, udaletxeko batzar aretoan elkartu dira zuzendaritzako kideak aurtengo berritasunak iragartzeko. Hiru dira nabarmenenak: BKLren betiko koloreak (laranja eta beltza) itzuliko dira jokalarien elastikoetara; bazkideen figura berria, txartel eta abantailekin; eta jokalariak eta senideak partidetara joateko autobus zerbitzu berria eskaintzen hasiko direla.
Bigarren urtea egingo du BKL-ren egungo zuzendaritzak klubea gidatzen, eta iaz hasitako bideari jarraipena eman nahi diote. Joxemari Arrospide lehendakaria, Jon Lekuona lehen taldeko entrenatzailea, Iñaki Huizi komunikazio taldekoa, Miguel Perez idazkaria eta Oskar Rodriguez kirol zuzendaria. Beteranoenaz gain, 21 talde ditu egun BKL-k (neskenak 11 eta mutilenak 10), eta 200 neska-mutil biltzen ditu.
Irudia berreskuratu dute
Ekipazioan dago 2019-202o denboraldirako berritasunik aipagarriena. BKL-ko betiko koloreak, laranja eta beltza, eramango dituzte soinean seniorrek 3 taldeek eta juniorreko laurek. Gazteagoak azken 6-7 urteetan erabili dute gris eta gorri koloreekin jarraituko dute. Lekuonak nabarmendu du, aldaketa pixkanaka egingo dute, eta era berean, Arri enpresari ematen duen laguntza eta kolore aldaketari begira izan duen jarrera eskertu dio. Mauka motzeko elastikoak izan dira berriak.
‘Ni ere BKL zalea naiz’ kanpaina
Sare sozialen bidez zabaldu duten Ni ere BKL zalea naiz kanpainari ere aipamen berezia egin diote. Klubaren balioak –konpromisoa, gogoa, lagunak…– islatzen dituen bideo bat sortu dute herritarrak bazkide egin daitezen animatzeko. 50 euroren truke bazkide txartela jasoko dute, eta hainbat abantaila izango dituzte urrats hori egitera animatzen direnek.
Kirol Busean Elkarrekin
Jokalarien eta haien senideen mugikortasunari lotutakoa da hirugarren berrikuntza. Partidetako bidaiak beti dira kezka zuzendaritzarentzat, eta “arriskua saihesteko”, Kirol Busean Elkarrekin (KBE) zerbitzua eskaini dio klubak aurtengo denboraldian. Kadete eta junior mailako jokalariak eta haien senideak izango dira zerbitzu honetaz baliatzen lehenak, eta mailaz maila gainontzeko taldeetara zabalduko dute. Talde kohesiorako eta giroa sortzeko “proiektu polita” dela nabarmendu dute.
Bosgarren laurdena
Iaz hasitako beste ekimen bati jarraipena emango diote aurtengo denboraldian. Bosgarren laurdenean, bi taldeetako jokalariak Antzizar ondoko Kattalin erretegian elkartuko dira partida bukaeran elkarrekin trago bat jotzeko. “Harrera bikaina izan zuen iaz. Kostua suposatzen du, baina aurten ere jarraitzea erabaki dugu. Beste klub batzuetan ere hasi dira horretan”, zehaztu du Lekuonak.
BKL eskolarako izen-ematea
BKL saskibaloi eskolan izena emateko epea ere zabalik dagoela gogorarazi dute zuzendaritzakideek. Atzo arte 66 haur zeuden izena emanda, eta iaz 120 izatera iritsi ziren. Webgunearen bidez eta zuzendaritzako kideei jakinaraziz apunta litekek. “Hori da gure harrobia. Helburua ondo pasatzea eta kirola egitea da”. Igande goizetan elkartzen da saskibaloi eskola.