Karrozarik dotoreena, Burunba taldearena
Giro ederra egon da aurten ere Urretxun ospatzen diren Euskal Jaietan. Urteroko legez, aurten ere karrozen desfilea izan da Urretxuko Euskal Jaietako protagonista nagusia. Gaur arratsaldean Orain Presoak, 19 ta kitto, Eyak Jodiu, NEE, Burunba, 00RP, HDM eta LMM kuadrillek egindako zortzi karroza irten dira. Aurten Burunba taldeak irabazi du txapelketa, Notre Dameko Konkorduna izeneko karrozarekin. Kuadrillekin batera, beste hainbat elkartek zein musikarik girotu dute gaurkoan Urretxu, kolorez eta musikaz jantziz. Kalejiran denera 250 lagun baino gehiago aritu dira. Haien artean, Azpeitiko zanpantzarrak, Urretxuko eta Tolosako dultzaineroak, Euskal Herriko toki ezberdinetatik etorritako erraldoiak, Urretxu eta Zumarragako txistulariak, Lurra, Irrintzi eta Lizarra taldeetako dantzariak, hainbat herritatik etorriko trikitilariak eta Secundino Esnaola musika eskolako ikasleak.
Karrozei dagokienez, hainbatekoak izan dira aurtengo gaiak. Besteak beste, elkartasuna ez dela delitua aldarrikatu dute, itsasoan pilatzen den plastiko kantitatea salatu dute, baserritar bizimoduari omenaldia egin zaio, baita ere LGTBI+ kolektiboari, edertasun kanonak deuseztatu dituzte…
Zalantzarik gabe, arro egoteko eguna da gaur urretxuarrentzat.