VIII. Basherri eguna ospatu dute Lazkaon
Gaur goizean ospatu da Lazkaon VIII. Basherri eguna. Bertan, txikienek baserriko bizitza gertuagotik ikusteko aukera izan dute. Baserritarren bizimodua erakutsiz, animalia eta ganadu erakusketa egon da herriko plazan. Besteak beste, behiak, astoak, zaldiak eta behorrak, ardiak eta ahariak, txerriak, ahuntzak eta antzarak eta untxiak egon dira ikusgai. Horrez gain, Enparandegi baserrikoek zumezko otarrak nola egiten diren erakutsi dute.
Bertara gerturatu diren herritarrek nekazarien produktuak erosteko aukera izan dute. Bestalde, festa giroa Lazkao Txiki Musika Eskolako trikitilariek piztu dute goiz osoan zehar. Goiza borobiltze aldera, amaieran bertako baserriko produktuez betetako saski bat zozketatu dute. Aurtengo sariduna Teresa Lozano izan da.