Sasoiko dago harrobia
Unai Iribar ibartarrak irabazi du Zaldibian, esprintean. Taldeka GoierriTB-Laboral Kutxak. Valentzian, pistan, dominak lortu dituzte Espainiakoan Aritz Urrak eta Ana eta Irene Usabiagak
Goierri txirrindulari on askoren sehaska izan dela ez dago esan ere egin beharrik. Datorren asteburuan, Yorkshiren (Erresuma Batua), Gorka eta Ion Izagirre anaiek parte hartuko dute Munduko Txapelketan, errepideko proban Alex Aranburu ezkiotarrak azkenean ez. Bere garaian Goierriko eskoletan egindako lana ezinbestekoa izan zen ormaiztegiarrak iritsi diren tokira iristeko. Herenegun, Zaldibian, Goierriko Txirrindularitza Bultzatuz-Laboral Kutxak harrobiko lan horrek duen garrantzia agerian utzi zuen.
Unai Iribar ibartarrak jantzi zuen Zaldibiako IX. Txirrindulari Sari Nagusiko txapela, esprintean Bastien Bareilleri (Entente 64) eta Iker Ballarini aurre hartuta. Lehena eta hirugarrena GoierrikoTB-koak, baita seigarrena eta bederatzigarrena ere. Lau lehen hamarren artean, eta taldekakoa poltsikora. Lauretatik inor ez da goierritarra, baina bai zuzendaritza eta taldearen egitura ere. Lehen goierritarra Xabier Berasategi olaberritarra (12.a), hau ere etxeko taldekoa.
Elite eta 23 urtez azpiko denboraldiko azken proba da Zaldibiakoa, Lehendakari Sarirako 9. eta azken proba puntuagarria. 106 ziklista eta 105 kilometro aurretik. Batezbestekoa helmugan, ikaragarria (43.398 km/ord.). Sasoiko azkena zenez, aparteko bi sari ere banatu ziren: Iker Ballarin gasteiztarrak irabazi du Lehendakari Saria, eta Victor Etxeberria lizarrarrak Euskalduna.
Urra eta Usabiaga ahizpak
Valentzian jokatutako Espainiako pista txapelketan, berriz, Aritz Urra lazkaotarrak urrezko domina lortu zuen taldeko abiadura frogan Euskadirekin. Irene Usabiaga puntuaketan eta scratch Ana ahizpa bigarren txapeldun izan zen, eta taldekako urrezkoa ere kolkoratu zuten Eustrak-Euskadi taldearekin.













