«Margotzen ari naizenean nire helburua beti da gozatzea»
Agirrek (Legazpi, 1953) hamar koadro ikusgai jarri ditu Juan Kruzen ile apaindegian. 25 urtez kultur etxean pintura eskolak eman ditu. Bere obrak ukitu inpresionistak ditu.
Ester Agirrek Mantxolako bere baserriko ganbaran hartu gaitu. Leihate handiko espazioa da, hormetan koadro ugari eta margotzeko astoan zubi bat ageri den amaitutako mihisea daude. Agirrek hamar koadroko bilduma eraman du Juan Kruzen ile apaindegira. Han erakusketak egiten direla hamar urte betetzen dira aurten eta artista legazpiarren lanak erakusten ari dira.
Agirrek hitz jario nabarmena du eta pinturaz hitz egiten duenean bizitzari buruzko gogoetak txirikordatzen dira bere hitzetan. Norbaitek Mantxolako filosofoa ezizena jarri zion, ezin hobeto dagokiona.
Noiztik pintatzen?
Umetatik. Akuarela kaxa bat erosi nuen, 33 pezeta ordaindu nituen eta ezin imajina dezakezu zenbat kostatu zitzaidan diru hura guztia biltzea. Nire lehenengo akuarelari markoa jarri zion amak, izen oso-osoa idatzi nuen sinaduran, bolalumaz. Amak haserre egiten zidan ohe gainean margotzen nuelako, ohegainekoa zikinduko nuelako. 15 urte inguru izango nituen.
Eskolan ere margotzen genuen, klarionekin, maistrak aginduta. Azkeneko maistra nafarra izan nuen eta hark ate zein leiho guztiak zabaldu zizkidan. Eskolatik aterako ginela eta ikastea norberari buruz ikastea ere bazela erakutsi zigun. Hainbesteraino ireki zizkidan barrenak, duela hiru urte emakume hura bilatu nuela.
Kontatuko zeniguke hori?
Bizi zen edo ez jakin nahi nuen. Azkenean Espinalen (Nafarroa) aurkitu nuen. Enkontrua zoragarria izan zen. Maistra hark Arte Ederrak ikasteko esan zidan umetan eta nik gurasoek halakorik ezin zidatela ordaindu erantzun nion.
Margotzeak zer ematen dizu?
Erlaxatu egiten naiz. «Zenbat denbora ematen duzu koadro bat pintatzen?», galdetzen dit jendeak eta nik denborarekin zerikusirik ez duela erantzuten diet, pintatu bitartean sentitu duzun horrekin baizik.
Kultur etxean 25 urtez pintura eskolak ematen aritu zara.
Bai, han pertsonak nolakoak garen ikasi nuen. Esaterako, umeak. Hain gozoak dira hasieran eta nola bihur daitezke hain bihurriak? Ez da kalekoa hori, sukaldekoa da, hau da, etxeko hezkuntzaren ondorioa da. Sukaldean ez dira bakarrik lapikoetan egosten, buruak lantzen dira.
Urte haietan guztietan oinarrizko ezagutzak transmititu nizkien ikasleei, baina benetako irakaslea arkatza dela esaten nien. Garunak kopiatzeko ohitura hartzen badu ez du sortuko. Pertsonok gurea den esparrua dugu eta hura lantzen ez badugu, hura hutsik geratzen da.
Musikak bazuen bere tokia zure ikasgelan.
Bai, musika gozoa zegoen beti. Hor nonbait ditut erabiltzen nituen kaseteak. Zoragarria zen umeak Mexikoko kanta zaharrak kantatzen entzutea. Musikak erlaxatzen eta gozatzen laguntzen du.
Olioak erabiltzen dituzu, nolakoa da zure pintura?
Erretratuak baino paisaiak margotzen ditut. Erretratuak egiten baditut, zer edo zer egiten dauden pertsonenak dira, posatzen ez, sekula ez. Errekak, zubiak, mugimendua dagoen tokiak gustatzen zaizkit, hotsak ere bai. Udazkenean itzela da mendira joan eta hostoek egiten duten zarata entzutea pintatu bitartean. Ez ditut bi koadro berdin margotu eta argazkiak oinarri gisa ere ez ditut erabiltzen. Buruz egindako lanek grazia berezia egiten didate, nahi duzuna pintatu dezakezulako.
Noiz ematen duzu koadro bat bukatutzat?
Une bat iristen da non zure buruari nahiko esan behar diozun. Manolo Salmeron lagunak lehenago geratu behar naizela esaten dit. Margotzen ari naizenean nire helburua beti da gozatzea.
Estilo berezkoa duzu, inpresionismotik edaten du.
Ikusleren batek esaten badit me ha impresionado [gazteleraz esan du], nik «jakina» esaten diot, «impresionista da!».
Maniarik?
Hasi pintatzen eta ordu laurdenera geratzen naiz, matematikoa da. Pausa egiteko premia daukat. Paleta garbitzen dut, ezinbestekoa da koloreak garbi atera daitezen, edo zure koloreak atera daitezen. Nik hala egiten dut behintzat.
Ile apaindegiko erakusketen ikusle fidelenetakoa zara.
Erakusketak ikustera joaten naiz, pare bat aldiz eta Juan Kruzekin komentatzen ditut.