Dultzaina hotsak San Migelen eta Mirandaolan
Burdinola elkarteak antolatuta, 'Jungurea eta dultzaina' ikuskizuna egingo dute bihar, San Migel ermitan eta Mirandaolako burdinolan.
Jungurea eta dultzaina ikuskizuna ekarriko du bihar Burdinola elkarteak Legazpira. Ingudeari Legazpin jungurea esaten zaio eta hortik Bizkaiko Dultzaina jotzaileek eta Lutxanako eskola-tailerreko artisauek sortutako ikuskizunaren izena. Ikuskizunak bi zati izango ditu, bata San Migel ermitan egingo dute, bestea Mirandaolako burdinolan.
San Migel elizan 11:00etan hasiko da ikuskizuna. Aurkezpena egingo dute hasteko, eta txalaparta zein adarra entzungo dira. Enkarterrietako Sonata joko dute, eta Monttetarren historia laburra kontatuko dute, dultzainak biziraun dezan jokatu zuen rola nabarmenduz. Hainbat pieza joko dituzte jarraian, Legazpiko dultzaina joltzaileak batuko zaizkie bizkaitarrei. Sagar-inburre, garai batean ermitan egiten zen sagar banaketa, egingo dute eta elizatik kalejiran joango dira Mirandaolako burdinolara.
Lenbur fundazioak burdinola martxan jarriko du, han izango dira 12:15a inguru. Dultzaina doinuekin sartuko dira ikus-entzuleak burdinolara eta han, olagizonek burdina landu bitartean, tobera eta dultzaina tartekatuko dituzte, amaieran biak bateratzeko.
Aurreko udaberrian antzeko ikuskizuna egin zuten dultzaina jotzaile bizkaitarrek Enkarterrietako El Pobal udalerrian. Biharkoan, Legazpiko berezitasunak gehituko dizkiote aurrez egindako ikuskizunari.