Gipuzkoako Txapelketak Zumarragan du hurrengo geltokia
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final zortzirenetako saioa egingo dute bihar Zumarragan; Mikel Tapia eta Nerea Elustondo ariko dira, besteak beste. Igandean, Endika Igartzabalek Elgoibarren kantatuko du.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren final zortzirenetako bost eta seigarren kanporaketak jokatuko dituzte asteburuan, Zumarragan lehena eta Elgoibarren bigarrena. Hiru goierritar ariko dira asteburuan: Mikel Tapia ataundarra eta Nerea Elustondo legazpiarra Zumarragan, eta Endika Igartzabal gabiriarra Elgoibarren.
Larunbatean, Zumarragako Zelai Ariztin izango da hitzordua, 17:00etan hasita. Eli Pagola, Iker Ormazabal, Iñigo Izagirre, Mikel Tapia, Unai Mendizabal eta Nerea Elustondo ariko dira kantuan. Sarrerak bertsosarrerak.eus atarian daude salgai; agortzen ez badira, lehiatilan bertan ere jarriko dituzte, 16:00etan. Aurkezle lanak Iker Iriartek egingo ditu, eta epaimahaikide moduan, Eneritz Azkue, Karlos Ibarguren, Leire Beloki, Mikel Lersundi eta Mikel Urteaga ariko dira.
Asteburuko bigarren saioa Elgoibarko Herriko Antzokian (17:00etan) izango da, igandean. Kantuan Ane Labaka, Endika Igartzabal, Eñaut Martikorena, Iñaki Gurrutxaga, Jokin Uranga eta Unai Gaztelumendi bertsolariek jardungo dute. Ane Ezenarrok aurkeztuko du emanaldia, eta epaimahaikoa Zumarragako saioko kide berberek osatuko dute.
Final zortzirenetako bi saio horien irabazleak zuzenean sailkatuko dira final laurdenetarako; gainontzeko bertsolariek, saio guztiak bukatu arte itxaron beharko dute, puntuazioaren arabera sailkatzen diren edo ez jakiteko.