Klima aldaketaren mundu grebara batu dira Landarlan eta udala
Larrialdi klimatikoa dela eta, Goierriko Landarlan Ingurumen Elkarteak bat egingo du, Fridays for future gazteen mugimenduak gaurko deitu duen mundu mailako grebarekin. Landarlanek esan duenez, «langileen greba orokorraren bidez, giza jardunak klima aldaketaren gainean duen eraginaren aurkako borrokara ahalik eta jende gehien biltzea» lortu nahi dute.
Landarlaneko kideek kezka agertu dute atmosferara egiten diren isurketen inguruan: «Klima aldaketaren inguruko adituen gobernu arteko taldearen azken txostenaren arabera, CO2 isurketak igo ahala, munduak gero eta arazo larriagoak izango ditu eta uste baino lehenago gertatuko da hori». Txosten horretan jaso dutenez, «2030. urtean dugu muga».
Landarlanek nabarmendu du «larrialdi egoera hori, neurrigabekoa eta desegokia den ekoizpen eta kontsumo eredu baten ondorio» dela, eta eredu horrek «gure biziraupena, bai landare eta animalia espezie ugarirena ere arriskuan jartzen» duela. Era berean, «inpaktu suntsitzailea izango du munduko biztanlerik ahul eta probreengan».
Gaurko deituta dagoen greban parte hartzeko deia egin du Landarlanek, klima aldaketaren arazoa ez handitzeko neurriak hartuz, besteak beste.
Bestalde Ordiziako Udalak ere greban parte hartzeko dei egin die herritarrei. Gaur elkarretaratzea egingo dute 11:30ean Plaza Nagusian eta 11:00etatik 12:00etara etena egingo dute udaletxeko jardunean.