Lazkaon hasi eta bukatuko da Josetxo Imazen oroimenezkoa
Majori kiroldegiko obrak direla eta, Lazkaon egingo dute 19. edizioa izango dena. Datorren urtetik aurrera, hainbat aldaketa izango ditu lasterketak
Josetxo Imaz memorialaren XIX. edizioa jokatuko da etzi, igandea, Ordiziako Txindoki Atletismo Taldeak antolatuta. Atletismo proba herrikoi honek Lazkao, Beasain eta Ordizia igaroko ditu 10 kilometroko ibilbidean. Aurten Lazkaon hasi eta bukatuko den laugarren aldia da. Majoriko obren eraginez egingo dute horrela. 2006an izan zen aurreneko aldia hartan, Altamira estadioa zen obretan zegoena eta gerora, 2011n eta 2015ean.
Parte hartzaileen artean, distantzia horretan espezialistak diren lasterkariak egongo dira. Gizonezkoetan, iazko proba irabazi zuen El Hassan Oubbadi eta emakumezkoetan irabazlea izan zen Elena Loyo ez dira egongo, baina lasterketaren maila mantenduko duten beste hainbat izango dira.
Faboritoen artean, Eneko Agirrezabal eta Ander Sagarzazu daude mutilen artean. Emakumeen artean, berriz, Maite Arraiza eta Izaro Rubio.
Partaideak 400era bai
Atzo arte, ia 300 kirolarik zuten izena emanda. Antolakuntzak 400 bat espero ditu. Datu bat aipatzearren, Josetxo Imaz lasterketan 1.000 korrikalaritik gora izatera ere iritsi izan ziren urte onenetan. 400eko mugara iritsi edo gaindituz gero, antolakuntza pozik egongo da.
Berrikuntzak etorkizunean
Datorren urtea, urte berezia izango da, izan ere, 20 urte beteko dira Josetxo Imaz hil zela. Gainera, lasterketaren lehen edizioa ere urte hartan bertan egin zuten. Oraindik ezer aurreratzen hasteko goiz bada ere, sorpresaren bat edo beste gongo da.
Bestalde, berrikuntza nabarmen bat egitea aurreikusten du antolakuntzak. Datorren urtetik aurrera, lasterketak igarotzen dituen hiru herrietan txandaka egitea da ideia. Datorren urtean, 2020an alegia, 20. edizioa egingo dute eta Beasainen hasi eta bukatuko da, 2021ean Ordizian eta 2022an Lazkaon