Zegamako Mendi Duatloiak ibilbide berria estreinatuko du bihar
Elkartu Nahi taldekoek ibilbide berria prestatu dute biharko. EHko Mendi duatloi zirkuituko probetako bat da. Datorren astean Euskal Herriko Txapelketa jokatuko dute Arriaranen
Goierriko hiru mendi duatloietan bigarrena, Zegamakoa jokatuko dute bihar. Elkartu Nahi taldekoek ibilbide berria prestatu dute, gainera. Parte hartzaileek 24,2 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute, horietatik 18,8 bizikletan eta 5,4 korrika. Banaka nahiz binaka parte hartu ahal izango da.
Proba 15:30ean hasiko da, Zegamako plazatik abiatuta. Aurreneko zatia (9,4 kilometro), bizikletan egingo dute, apeaderotik gora, San Adriango aterpe- txeraino. Ordu eta erdi izango dute lan hori egiteko. Ondoren, korrika joango dira (5,4 km) aterpetxetik Aizkorrira, eta buelta. Zegama-Aizkorri maratoian parte hartzen duten korrikalariek erabiltzen duten bidetik igoko dira eta atzealdetik jaitsi. Bukatzeko, aterpetxetik herriraino jaitsiko dira bizikletan.
Ibilbide berria
Parte hartzaileek hiruzpalau ordu beharko dituzte ibilbidea osatzeko. Mendi duatloian aurrenekoz egingo dute ibilbide hori. Iazko ediziorako prestatu zuten, baina elurra zela eta, ibilbidea aldatu behar izan zuten. Biharko beroa iragarri dute.
Aterpetxean, Aizkorrin eta helmugan anoa-postuak egongo dira. Antolatzaileek parte hartzaileen motxilak aterpetxera eramango dituzte, korrika saiorako. Horretarako, proba hasi baino ordu eta erdi lehenago eman beharko dute izena. Aurrez, kirolprobak.com webgunean ere apuntatu daiteke.
Antolatzaileek 100 lagun baino gehiago espero dituzte. Kirolari gehienak Euskal Herrikoak izan ohi dira, baina kanpokoren bat ere etortzen da, Zegama-Aizkorriko txokoak ezagutu asmoz.
Zegamako mendiko duatloia Euskal Herriko zirkuituko probetako bat da. Goierrin beste bi antolatzen dira: irailaren 14an Igartzakoa egin zuten eta bihar zortzi Arriarangoa egingo dute; azken horretan, Euskal Herriko Txapelketa izango da jokoan.