Festaren atarian, kirola
Asteburu osorako ekitaldiak antolatu dituzte Lazkaon, San Migel egunaren bueltan. Haur eta gaztetxoen kirol lehiaketak izan dituzte goizean. Herri afaria bihar izango dute, musika saioekin lagunduta.
Korrika, pedalka nahiz pilotan; kirola eginez hasi dituzte sanmigelak Lazkaon. Antzar Korrikalariak taldeak antolatuta, umeentzako duatloia egin dute aurrena, plazan hasi eta bukatuta; guztira 70 bat umek parte hartu dute, benjamin eta alebin mailetan banatuta. Segidan, Lapke-ren pilota txapelketako partidak izan dituzte plazako frontoian.
Gaurko ekitaldiak, San Migel egunaren atarikoak besterik ez dira, biharkoa izango baita festa egun handia. Josetxo Imazen omenezko lasterketak hartuko du goizaren zati handi bat. Umeentzako puzgarriak ere ez dira faltako. Eguerdian, jubilatuak elkartuko dira, bazkaltzera joateko. Eta arratsaldean, mariatxiak, buruhandiak eta erraldoiak aterako dira, kale giroa animatzera. Afariarekin eta Drindots taldearen kontzertuarekin bukatuko da egitaraua.
Igandea, hilak 29
· 10:00. Haurren korrika proba, Josetxo Imaz probakoa.
· 11:00. 19. Josetxo Imaz Lasterketa. Irteera eta helmuga Lazkaon.
· 11:30-14:00 eta 16:30-19:00. Haur jolasak eta parkea, Lazkao Txiki eta Euskadi plazetan.
· 12:00. Meza, San Migel elizan.
· 14:00. Jubilatuen bazkaria.
· 19:00. Imperial Elegancia Mexicana mariatxiak, L.Txiki Plazan.
· 19:00. Buruhandiak eta erraldoiak, plazan. 17:00etan, Txindoki egoitzan.
· Ondoren. Drindots taldea.
· 21:00. Herri afaria, plazako pilotalekuan.
· Gauean. Drindots.