Haritz Maiz eta Amaia Eskisabel, harrikalaririk onenak
Ormaiztegiko San Migel jaietan, harrikalari txapelketa jokatu dute gaur. Haritz Maiz eta Amaia Eskisabel izan dira harria urrutien bota dutenak.
San Migel jaietako giro betean dabiltza gaur ormaiztegiarrak. Baserritarrez jantzita, goiz-eguerdi partetik atera dira kalera, eguraldia ere lagun dutela. Goizean 70 bat lagun elkartu dira mendi bizikleta trabesia egiteko. Eguerdian berriz, toka eta harrikalari txapelketak egin dituzte.
Harri jaurtiketan, Haritz Maiz eta Amaia Eskisabel izan dira onenak. Maizek 27,40 metrora bota du 2,8 kiloko harria, Borja Irizar txapeldunari tokia kenduta. Emakumezkoetan berriz, Eskisabelek eutsi egin dio harrikalaririk onenaren tituluari.
Albiste hau idazterako orduan, 29. Mus Txapelketa jokatzen ariko dira. Segidan, umeentzako jolasak eta patata tortilla lehiaketa izango dituzte, eta gauean herri afaria, Benta Zarreko Mutilo Alaiak taldeak girotuta.