Jon Erguinek irabazi du Zegamako Mendi Duatloia
Emakumezkoetan Maria Gomez gaztelarrak irabazi du, eta bikoteka, Ekleyson Marques eta Irati Larrañaga izan dira azkarrenak.
Jon Erguin beasaindarra izan da azkarrena Zegamako IV. Mendi Duatloian, proba ordubete eta 55 minutuan bukatuta. Emakumezkoetan Maria Gomez gaztelarra izan da lehena. Bikoteka berriz, Ekleyson Marquesek eta Irati Larrañagak egin dute denborarik onena. Aurten ibilbidea estreinatu du Mendi Duatloiak; San Adriandik Aizkorri aldera igo baitira lehiakideak, Zegama-Aizkorri maratoiko ibilbidetik.
Gizonezkoetan lehia bizia izan da Erguinen eta Iñaki Isasiren artean. Erguin hasi da aurretik, eta lehen tokiari eutsi dio gorakoan, baina beherantza arabarrak aurrea hartu dio gero. Beherakoan, bizikletako zatian jan dio tartea beasaindarrak, eta helmugan bera sartu da aurrena.
Erguinek proba “oso polita” baina “gogorra” izan dela azaldu du. “Aspaldian mendi duatloirik egin gabe nengoen, eta gogorra izan da; azkenean bizikletan haruntzaino igotzea, eta gero Aizkorrirako igoeran, nekea nabaritzen da”. Gehien sufritu duen unea jaitsierakoa izan dela dio: “beheraka sufritu dut gehien, ez nago ohituta mendian horrelako harrikarietan jaisten”. Hala ere, ibilbidearekin eta eguraldiarekin gustura gelditu da.
Emakumezkoetan ez da kolorerik izan, Gomez jarri da aurretik gorakoan, eta azkenera arte eutsi dio aldeari. Bikotekako lehian, Aitor Perez Arrieta aurrena zihoan, baina azken jaitsieran zulatua izan du, eta bertan behera utzi du proba. Sailkapen osoak, kirolprobak.com webgunean jarriko dituzte ikusgai datozen orduetan.