Aizkorri Barrena mendi martxa jendetsua Legazpin
Brinkolatik abiatu da hainbeste jende batzen dituen mendi martxa. Aurten, 1.240 pertsonek hartu dute parte guztira bi ibilbideetan.
Aizkorri Barrena mendi martxa igande eguzkitsu batean familiarekin egiteko plan ezin hobea dela argi geratu da gaur ere. Parte hartzaile gehienak, haien senideekin gerturatu dira trenez Brinkolara.
Bertan egon diren pertsonen arabera, bi ibilbideak oso politak izan dira aldapatsu xamarrak izan arren. Horrez gain, leku batzuetatik igarotzean lokatz gehiegi zegoela ere antzeman dute, baina orokorrean, oso giro eguzkitsu eta atsegina izan dute gaurkoan.
Mendi martxari bukaera borobila emate aldera, ibilbidearen amaieran bertako produktuak erosi ahal izan dituzte. Besteak beste, ogia, bizkotxoak, marmeladak, sagardoa, sagar zukua, barazkiak…
Gainera, giro ederrenean Armuño elkartean bazkaltzeko aukera eskaini da.