Eneko Agirrezabalek eta Jone Zabaletak irabazi dute XIX. Josetxo Imaz Memoriala
Gaur goizean ospatu da Ordiziako Txindoki Atletismo taldeak antolatutako XIX. Josetxo Imaz Memoriala. Aurtengo edizioa, laugarrenez, Lazkaon ospatu da Altamirako obrak direla eta.
470 korrikalarik zeharkatu dute Ordizia, Beasain eta Lazkao gaur goizean. Beste hainbeste gaztetxok igaro dituzte Lazkaoko kaleak ere. Lehenengo sailkatua Eneko Agirrezabal segurarra izan da, goierritar batek lasterketa irabazten duen lehen aldia hain zuzen. Haren atzetik, Ander Sagarzazu eta David Garcia helmugaratu dira. Lehen hiru sailkatuak 32 minuturen baitan egin dute lasterketa.
Lehen hiru emakumeak berriz, Jone Zabaleta, Nuria Rodríguez eta Izaro Rubio izan dira, hurrenez hurren.
Lasterketa abiatzear zela, irailean zendu den Tolosa CF Atletismoko kide ohiarengatik, Ibon Gonzalezengatik, minutu bateko isilunea egin da.
Bestetik, Gipuzkoan estreinakoz, desgaitasun funtzionala pairatzen duten hamaika gaztek ofizialki lasterketan parte hartzeko aukera izan dute. “Zure irrifarra, nire indarra” lelopean abiatu dira Orkliko langileak eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko partaideak.
Aurtengo edizioa, laugarrenez, Lazkaon ospatu da Altamirako obrak direla eta. Aldaketa hau Lazkaon ongi etorria izan da.