Adineko pertsonen giza eskubideak aldarrikatu dituzte Beasainen eta Ordizian
Beasainen Goierriko Pentsionistak taldeak deitutako elkarretaratzea izan da 11:00etan eta Ordizian, Agijupens elkarteak antolatutakoa, 11:30ean.
Astelehenero bezala jubilatu eta pentsiodunek elkarretaratzeak egin dituzte Goierrin. Beasainen, Goierriko Pentsiodunek deituta egin dute. “Astelehen honetan berez ez dugu konzentraziorik egiten Goierrin, baina bihar, urriaren 1a, Adineko Pertsonen Nazioarteko Eguna dela kontuan izanda, gure eskaerak kaleratzeko aukeratu dugu gaurko egun hau ere”.
Honela, Goierriko Pentsiodunak Gipuzkoako Helduen Elkarteen Plataformaren barruan daudenez, egun horretarako idatzitako manifestua irakurri dute Goierriko Pentsionistek, “Pentsiodunen Mugimenduak betidanik defendatu du adinekoen giza eskubideak errespeta daitezela eta bizimodu duina berma dezatela” eskatuz. Era horretan, erakundeei dei egin die ondorengo eskubideak bermatzeko: “Gure beharretarako egokitutako etxebizitza bat; berokuntza, argia… bermatuta egotea, bakoitzak dituen bitarteko ekonomikoen arabera; medikamentuak dohainik; era guztietako pobrezia ezabatzea adienekon artean; hobekuntzak egitea adinekoen zentroetan eta zentroetako langileen ratioak aztertzea eta hobetzea; tratu txarren eta diskriminazioaren aurka jardutea; bitarteko gehiago jartzea ongizate arloetarako; parte hartze aktiboa eta zuzeneko elkarrizketa adinekoekin erakunde guztietan; adinekoentzako ingurune lagunkoi egokituak saortzea; berdintasunerako politikak adinekoen artean ere burutzea; eta zahartze aktiborako eskubidea bermatzea”.
Ordizian, Agijupens elkarteak deituta
Baina gainera, bihar, urriak 1, Pertsona Nagusien Nazioarteko Eguna denez, Agijupens elkarteak deituta Ordiziako Plaza Nagusian ere elkartu dira, Zahartzaro duin baten alde. Elkartu diren herritarrek hainbat eskaera egin dituzte: Ongizate estatua mantentzea eta indartzea; pentsioen urteko igoera KPIaren igoeraren araberakoa izatea; adinekoen etxeak egokitzeko edo moldatzeko beharrezko baliabideak eskuratzea, irisgarritasunari eta energia eraginkortasunari dagokiona beteaz; Euskadi Lagunkoia ekimenaren jarraipena; adinekoenaganako tratu txarrak eta bereizkeriaren aurkako ekintzak uxatzea eta baztertzea; bakardadeari aurre egiteko laguntza sustatzea; BEZaren murrizketa; herritarren parte-hartzea indartzea; udaletan eta aldundian hirugarren adinekoen gaiak lantzerakoan jubilatuen elkarteak kontutan hartzea; eta dinekoen kontseilua eta bulegoa irekitzea aldundian.