Euskararen arnasguneek duten garrantzia nabarmenduko dute 'Arnasa gara' kanpainarekin
UEMA, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Euskararen Erakunde Publikoa dira sustatzaile nagusiak, Gipuzkoako eta Bizkaiko foru aldundien laguntzarekin eta kanpaina parte hartuko duten 22 udalerriekin batera. Zerainen egingo da Goierriko ekitaldi bakarra, azaroaren 29an.
UEMAk, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoa eta Bizkaiko foru aldundiek, eta Lekeitioko eta Aramaioko udalek Arnasa gara kanpaina aurkeztu dute gaur Azpeitiko Sanagustin kulturgunean egindako agerraldian. Proiektuaren helburua da euskararen arnasguneetako biztanleen ahalduntzea, aitortza eta kontzientziazioa indartzea, jabetu daitezen gune horiek euskararen indarberritzean duten garrantziaz. Euskal Herriko 22 herritan egingo dira kanpainaren aurkezpen ekitaldi herrikoiak, eta Goierriri dagokiona azaroaren 29an izango da, Zerainen.
Ekimenak bi fase izango ditu. Lehenengoan arnasguneen ahalduntzea eta aitortza bilatuko da, eta horretarako kanpaina bat abian jarriko da ekimena azaltzeko eta honen osagai nagusietako bat izango den Kartzela serie digitala herriz herri aurkezteko. Bigarren fasean, berriz, ekimena Euskal Herri osora zabalduko da, arnasguneen errealitatea eta garrantzia ezagutzera emateko. Proiektuan Nafarroako Gobernuak –Euskarabidearen bitartez– eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak ere parte hartzen dute.
“Arnasa gara kanpaina, euskararen arnasguneak Euskal Herriarentzat zein garrantzitsuak diren nabarmendu nahi duen kanpaina da. Herria da gorputza, hizkuntza bihotza. Badakigu. Eta herri honen berezko hizkuntza modu naturalean arnasguneetan ari da taupaka, sendo eta osasuntsu. Horregatik, arnasguneen garrantzia lau haizetara zabaltzeko eta herritarrek horren kontzientzia hartzeko beharra ikusi dugu UEMAk eta beste hainbat erakunde publikok. Batetik, arnasguneetako biztanleek kontzientzia har dezaten. Bestetik, gainerako euskal herritarrek ere arnasguneak babestea eta hedatzea euskararen normalizaziorako ezinbestekoa dela jakin dezaten, hizkuntza ekologiaren ikuspegian bide eginez”, nabarmendu du UEMAko lehendakari Josu Labakak.
Gaurko agerraldian izan dira kanpaina babesten duten erakundeetako ordezkariak: Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua; Garbiñe Mendizabal, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria; Ana de Castro, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria; eta Josu Labaka, UEMAko lehendakaria. Halaber, ekimen honetan parte hartuko duten zenbait udalerrietako alkateak ere aurkezpenean izan dira: Nagore Alkorta, Azpeitiko alkatea; Koldo Goitia, Lekeitioko alkatea; eta Lierni Altuna, Aramaioko alkatea. Guztiak bat etorri dira arnasguneen garrantzia azpimarratzeko orduan eta nabarmendu dute proiektu honen atzean dagoen lankidetza.