Goierritarrak finago aritu dira Zumarragan, Elgoibarren baino
Zumarragako kanporaketa Unai Mendizabalek irabazi du. Nerea Elustondo izan da bigarren, eta Mikel Tapiak laugarren egin du. Elgoibarren, Endika Igartzabal seigarren gelditu da.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan, final zortzirenetako bost eta seigarren saioak jokatu dituzte asteburuan, Zumarragan lehena, eta Elgoibarren bigarrena. Larunbatean, Unai Mendizabal izan zen Zumarragan puntu gehien (449,5) batu zuena, eta ondorioz, zuzenean pasako da final laurdenetarako. Nerea Elustondo legazpiarra ere fin aritu zen, eta bigarren egin zuen, 439,5 punturekin; zain egon beharko du oraindik, baina ondo bidean, hurrengo fasera pasako da. Mikel Tapiak ere puntuazioen zain egon beharko du, laugarren egin baitzuen Zumarragan, 417 puntu jasota.
Igandean Elgoibarren izan zuen hitzordua bertsozaleek. Ane Labakak irabazi zituen saioa eta final laurdenetarako txartela, orain arteko puntuaziorik onena (458,5) lortuta, gainera. Jokin Urangak ere (443,5 puntu), aurrera egingo du, kasik segurtasun osoarekin. Elgoibarko saioko goierritar bakarrak, Endika Igartzabalek, ez zuen saiorik onena egin, eta seigarren gelditu zen, 403,5 punturekin.