Lazkaon hasi da udazkeneko merkataritza kanpaina
Herriko 60 establezimendutan eranskailuak banatuko dituzte, erosketak edo kontsumizioak egin ondoren. Urriaren 28ra arte, asteko zozketa bat egingo du udalak txartelak betetzen dituztenen artean.
Lazkaon gaur hasi da ‘Udazkenean aisiaz gozatu’ merkataritza kanpaina. Eranskailuak izango dira ezaugarri nagusia, iaz bezala. Herriko 60 establezimendutan lortu ahalko dituzte bezeroek pegatinatxoak, eta txartela betetakoan udaletxeko harrerako kutxan bota behar dute. Urriaren 28ra arte, asteko zozketa bana egingo dute, lau denera.
Ostalaritzako 22 tabernak edo jatetxek parte hartuko dute. Arlo horretako 8 pegatina batu behar dira. Merkataritzaren arloan, berriz, 38 denda sartu dira kanpainan; 5 eranskailu behar dira mota horretakoak.
Lau zozketak astelehenetan egingo dituzte, eta asteartean jasoko dute saridunek oparia:
- Urriak 7: zinema denboraldiko hiru bonu.
- Urriak 14: hiru liburu-irakurgailu elektroniko.
- Urriak 21: kiroldegirako urtebeteko hiru bazkidetza.
- Urriak 28: lau lagunentzat hiru afari Lazkaoko jatetxeren batean.