Bixi-Bixi irratsaioak denboraldi berriari ekingo dio bihar
Lierni Elortzak aurkeztuta, asteazkenero entzungai izango da 12:00etako albistegiaren ondoren. Ekainaren 18ra bitartean 34 saio egitea aurreikusten dute.
Segura Irratiko Bixi-Bixi irratsaioak ikasturte berriari ekingo dio bihartik aurrera. Asteazkenero egingo dute zuzeneko saioa, 12:05etik 13:00ak bitartean. Segurako Hitz edo irri euskaraz elkarri euskara taldearen ekimenez sortutako saioa da, euskararen erabilpena sustatzea helburuarekin; udalaren babesa ere badu saioak.
Orain arte bezala, Lierni Elortzak koordinatuko eta aurkeztuko du saioa, teknikari lanetan Iñigo Arretxe eta Olatz Etxeberria lagun dituela. Bihar hasiko dute denboraldi berria, 408. saioarekin. Ekainaren 18ra bitartean, 34 emanaldi egitea aurreikusten dute; tarteka, saio monografikoak ere egingo dituzte.
Biharko saioan, Hitz edo Irri taldeko Alaitz Imazek elkarteak esku artean dituen proiektuez hitz egingo du. Bestalde, Gari Berasaluze (Uema) eta Gabino Murua gonbidatuekin batera, Garabidek antolatutako Hizkuntza Gidaritzari Buruzko Ikastaldia eta igandeko Kilometroak jaia izango dituzte hizpide.