Mendi gaztaren bueltan biltzarra egingo dute Ordizian
Idiazabal Gaztaren Ordiziako Kofradiak antolatuta, Gaztaren IV. Biltzarra egingo dute ostiralean, Barrena jauregian.
Gaztaren IV. Biltzarra egingo dute datorren ostiralean, urriak 4, Ordiziako Barrena jauregian, Idiazabal Gaztaren Ordiziako Kofradiak antolatuta. Atzo Donostiako Miramar jauregian egindako prentsaurrekoan eman zituzten xehetasun guztiak. Gaztaren inguruko alderdi ugari landuko dituzte, gazta bera, transhumantzia eta turismoa besteak beste. Horrez gain, Mikel Urretabizkaia ordiziarraren Gazta filmaren aurkezpena eta emanaldia ere egingo dute Herri Antzokian, kongresuari amaiera emateko.
Mendi gaztarekin lotutako aktoreen arteko topaketa izateko helburuarekin antolatu da kongresua. Idiazabal gazta eta horren inguruko turismo eta gastronomia jarduera bultzatzea, Idiazabal gaztaren alderdi desberdinak balioan jartzea eta arazoei aurre egiteko komunikazio eta konponbideen elkartrukerako tresna bihurtzea ere kongresuaren helburuen artean daude.
Egitarauan, 09:15etik iluntzera arte hitzaldiak eta mahainguruak izango dira. Mendiko gazta eta transhumantziaren ingurukoa izango da lehena.