Zinemaldiko gidoirik onena, Zumarragan
'La trinchera infinita' pelikulak zuzendari eta gidoi onenaren sariak irabazi ditu Zinemaldian. Jorge Fernandez zumarragarrak errodajean lan egin zuen eta Antonio de la Torre aktoreak bere gidoia oparitu zion.
Jorge Fernandez gazte zumarragarrak Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen Aretxabaletan. Iaz, gradu amaierako lana egiten ari zela, La trinchera infinita pelikulan produkzio merezidun gisa lan egiteko eskaintza jaso zuen. Lan ona egin zuen nonbait: Antonio de la Torrek, filmeko aktore nagusiak, bere gidoia oparitu zion. Pelikula honek zuzendari eta gidoi onenaren sariak irabazi ditu Zinemaldian.
La trinchera infinitako errodajea «zoramena» izan zela dio. Izan ere, aldi berean gradu amaierako lana egin zuen. «Irusoin ekoiztetxeak unibertsitatera eskaintza bat bidali zuen eta nire gradu amaierako taldeko bi kide hartu gintuzten. Ekoizpeneko alde logistikoaz arduratu ginen: taldeko kideak errodajera eraman, lokalizazioetan behar zen guztia prest eduki, kamioiak kargatu… Lan gogorra da, baina pelikulako atal guztiekin harremana duzu».
Primerako giroa
Errodajean oso giro ona egon zela dio. «Zuzendariak (Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga ordiziarra) eredugarriak dira, bai pertsona eta bai sortzaile moduan. Proiektu horretan lan egitea sekulako zortea izan da. Taldeko guztiok oso harreman ona izan genuen. Talde txikietan familia giroa egoten da. Woody Allen-en errodajeetan zailagoa izango da halako giroa sortzea».
Zumarragarrak aktoreekin ere harreman estua izan zuen. Hala, De la Torrek bere gidoia oparitu zion errodajea bukatu zutenean. «Aireportura eraman nuen eta detaile oso polita eduki zuen. Nire lehen pelikulako oroigarri gisa, primerakoa da. Aktore guztiek sekulako lana egin zuten. Antonioren gidoia begiratzea besterik ez dago. Apuntez josita dago. Sekulako lanketa egiten du».
Fernandezek ez du oraindik La trinchera infinita ikusteko aukerarik izan. «Hil kanpaiak pelikularen errodajean lan egiten ari naiz eta ezin izan nuen estreinaldira joan. La trinchera infinita ikusteko sekulako gogoa dut. Ez dakit zer aurkituko dudan, Moriartikoek postprodukzio lan itzela egiten baitute», azaldu du.
Goenaga, Garaño eta Arregiren pelikulan lan egin ondoren, Fernandez La linea invisible telesailean aritu zen. Orain, esan bezala, Hil kanpaiak pelikulan lan egiten ari da. «Thriller bat da. Eneko Sagardoy, Itziar Ituño, Yon Gonzalez eta Kandido Uranga aktoreek lan egiten dute, besteak beste».
Etorkizunera begira, ikus-entzunezko bat egiteko asmoa du. «Errodajeek ez digute gure egitasmoak aurrera ateratzeko denborarik uzten, baina asko ari gara ikasten. Merezidun lanak pelikulak nola egiten diren ezagutzeko aukera ematen digu. Zorte handia dugu», amaitu du zumarragarrak.