Arriaranen Euskal Herriko mendi duatloi txapelketa jokatuko dute larunbatean
Euskal Herriko mendi duatloien zirkuituko proba puntugarria da. Helduen saioa 16:00etan hasiko eta gaztetxoena 15:00etan. Bertaratzen diren guztientzat mokadua prestatuko dute
Arriaranen egun handia izango da larunbatekoa. Aurreko asteburuan plaza ingurua txukun-txukun jarri zuten auzotarrek udazkeneko auzolanean, eta auzoa prest dago kirolariak eta bisitariak hartzeko. Izan ere, urriaren lehenengo larunbatean, 16:00etan hasita, Euskal Herriko mendi duatloi zirkuiturako puntuagarria den Arriarango proba jokatuko da. Aurtengoa gainera, berezietan bereziena izango da, Euskal Herriko txapelketa izendatu baitute Arriarangoa.
Helduen lasterketak hiru sektore izango ditu: hasteko, 6 kilometro egin beharko dituzte korrika; jarraian, mendiko bizikletak hartu eta 14 kilometro egin beharko dituzte bizikletan; azkeneko zatian, bizikletak utzi eta 2 kilometroko korrika saioa egin beharko dute.
Erreleboka edo binaka aritzeko aukera ere izango dute kirolariek: batek korrika egin beharko du eta besteak, bizikletan.
Izena eman nahi dutenek www.kirolprobak.com webgunean dute aukera. Ehun bat lagunek parte hartzea aurreikusten dute Intxaurpe elkarteko antolatzaileek. Sarien arloari dagokionean, sari metalikoak, opari poltsa eta zozketak izango dira Arriaranen.
Gaztetxoen lasterketak
Helduen proba hasi aurretik, 15:00etan, haurren eta gaztetxoen lasterketak jokatuko dira. Ordu erdi lehenago irekiko dute izena emateko epea. Mailaz mailako lasterketak egingo dituzte: infantilak (2006-2007 jaiotakoak), alebinak (2008-2009), benjaminak (2010-2011) eta txikitxoak (2012tik aurrera). Parte hartuko duten haur guztiek kamiseta bana izango dute opari.
Mokutxoa
Lasterketak amaitutakoan, Arriranera gerturatzen diren guztientzat, kirolarientzat zein laguntzaileentzat, mokadutxoa izango da pilotalekuan.