'Esperientzia artistiko bat familian' tailerra, Beasainen eta Idiazabalen
Hip Hip Urrik! egitasmoak ikastaro bana egingo du urriaren 12an Beasainen eta urriaren 27an Idiazabalen. Izena eman behar da.
Familia giroko kultur aisialdia sustatzeko helburua du Hip Hip Urri! egitasmoak, eta helburu horrekin, urriko asteburuetan lehen hezkuntzako haurrentzako doakoak izango diren kultur jarduerak egiten dira. Aurtengo kasuan, Goierrin, Esperientzia artistiko bat familian izeneko bi saio egingo dituzte 5 urtetik gorako haurrentzat eta familientzat: urriaren 12an, 16:00etatik 17:00etara eta 18:00etatik 19:00etara, Beasaingo Loinazko San Martin plaza azpian; eta urriaren 27an, 17:00etatik 17:30era eta 18:00etatik 19:30era, Idiazabalgo plaza nagusian.
‘Esperientzia artistiko bat familian’ tailerra
Jolasaren bidez, sorkuntzaren eta artearen munduan murgildu nahi dituzte familiak, “komunikatzeko, esperimentatzeko eta etxeak eta auzoak eraikitzeko”. Arantxa Orbegozo eta Nerea Linazasororen laguntza izango dute. Esperimentazio tailer horietan, pinturak, espazioaren erabilerak, formek eta belaunaldi arteko elkarrizketek sormena garatzen lagunduko diete familiei.
Tailerretan parte hartzeko izena eman behar da aurretik Ikertze kultur elkartean. 943 31 04 61 – ikertze@ikertze.net.