Patxi Zubizarretak Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako Euskadi saria irabazi du, laugarrenez
Gasteizen bizi den ordiziar idazlea 'Korrik, Kuru, korri!' lanarengatik saritu dute. Euskadi Literatura saria Irati Elorrietarentzat izan da, Literatura Lanaren Ilustrazioarena Asisko Urmenetaretzat. Azaroaren 18an banatuko dira sariak, Donostiako Tabakaleran egingo den ekitaldian.
Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako Euskadi saria irabazi du Patxi Zubizarreta Dorronsoro idazleak (Ordizia, 1964). 2018an argitaratutako Korrik, Kuru, korri! (Ibaizabal) liburuarengatik saritu dute. Lan horrek Rebeka Lucianiren irudiak ditu. Modalitate horretan jasoko duen laugarren saria izango da. Aurrez, Gizon izandako mutila (1998), Pantaleon badoa (2006) eta Xia Tenzinen bidaia miresgarria (2010) lanengatik jaso zuen. Aurtengo maiatzaren 25an omendua izan zen Zubizarreta jaioterrian, Goierriko Irakurleen Topaketaren barruan. Horren aitzakian GoiBerri aldizkarian publikatuta elkarrizketa irakur dezakezue hemen.
Gasteizko Artiumen eman ditu ezagutzera gaur Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak lehen hiru sarituen izenak. Euskarazko Literaturakoa Irati Elorrietak jasoko du (Neguko argiak), eta Literatura Lanaren Ilustrazioa Asisko Urmenetak (AztiHitz: Xahoren Biografikoa). Bi aste barru gainontzeko lau modalitateetako irabazleak emango dituzte aditzera: Literatura Gaztelaniaz, Saiakera Euskaraz, Saiakera Gaztelaniaz eta Euskarazko Literatura Itzulpena. Saridun bakoitzak 18.000 euroko saria izango du, eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argiratzen bada. Datorren azaroaren 18an banatuko dira aurtengo Euskadi Literatura Sariak, Donostiako Tabakaleran.
Euskal sortzaileen lana ageriko egin
Zupiria sailburuak nabarmendu duenez, sortzaileei egiten zaien aitortzaz harago, sari hauen bitartez beren lana agerikoa egin nahi da euskal gizartearen aurrean. “Sari hauen bitartez aitortu nahi dugu gure sortzaileen lana, urteko lanik onenak aitortu eta omendu nahi ditugu. Bestetik, lan horiek ezagutarazi nahi ditugu: gure sortzailerik esanguratsuenak egiten duten lana agerikoagoa egin nahi dugu. Ikusgarriagoa egin nahi dugu, eta datozen egunotan eta hilabeteotan horren inguruan hitz egin dadin nahi dugu”.