Euskal Herriko mendi duatloiko txapelak Arriaranen daude, irabazleen zain
Bihar, 16:00etan, hasiko da helduen lasterketa. Euskal Herriko mendi duatloien zirkuituko laugarren proba puntuagarria ere izango da.
Biharko Arriarango mendi duatloia berezia izango da: Euskal Herriko mendi duatloien zirkuituko laugarren probarekin batera, Euskal Herriko txapela jokatuko den proba ere izango baita. Euskal Herriko txapeldunen txapelak eta mailotak Arriaranen daude dagoeneko.
Helduen lasterketak 16:00etan hasiko dira eta haurrenak 15:00etan. Helduek (16 urtetik gorakoak), 6 kilometro egin beharko dituzte korrika, 14 bizikletan eta lasterketa bukatzeko, beste 2 kilometro korrika. Erreleboka (14 urtetik gorakoak) ere parte hartzeko aukera izango da: batek korrika eta besteak bizikletan.
Euskal Herriko 6 txapel eta mailot banatuko dituzte bihar Arriaranen. Emakumezkoetan, 25 urtetik beherakoa, elite eta 35 urtetik gorakoa; eta gizonezkoetan, 25 urtetik beherakoa, elite eta 40 urtetik gorakoa.
Izena emateko aukera gaur, 24:00etan, bukatuko da www.kirolprobak.com webgunean. Egunean bertan ere egongo da aukera, tokia badago, Arriaranen izena emateko.
Lasterketa amaitzen denean, Arriaranera hurbiltzen direnentzat, mokadutxoa prestatuko dute Intxaurpe elkarteko kideek.