«Gauza handia da herriaren babesarekin lanean hastea»
Bigarren agintaldia izango du Aitor Aldasorok (Beasain, 1967) Beasaingo alkatetzan. Goiekiko lehendakaria ere izango da datozen lau urteetan. «Gogotsu» hasi du agintaldi berria.
Nola hasi duzu agintaldi berria? 5.a duzu dagoeneko.
Gogo handiarekin hasi naiz. Ez dakit guk ere horrelako emaitzak espero genituen. Guretzat azterketa izan zen: lau urte gobernatzen egin eta ea jendeak zer esaten zuen. Emaitzak ikusten dituzu, badakizu dena ez dela zure «errua» izango, baina herriaren babesa sentitu dut; gauza handia da herriaren babes horrekin lanean hastea. Alde horretatik, gogotsu hasi naiz. Herri honek proiektu potoloak ditu.
Horietako bat, Adif-eko burdinbidearen eremua duzue.
Beasain mendi artean dago eta %90ean garatuta dago. Niretzat garrantzitsua da, mendiari jan beharrean, gune urbanoan ematea hazkundea. Eta Beasainen, gune urbanoa Adifek daukan trenbide multzo hori da. Guk, alderdi bezala, publiko egin dugu zer egingo genukeen gune horrekin. Baina lehendabizi egin behar dena da, lur horiek geureganatu edo konpromisoak hartu. Gero etorriko da, dagokion tokian, garapena zein izan beharko duen erabakitzea. Beasainek aurrera pauso bat eman nahi baldin badu, ezinbestekoa du sarrerak eta irteerak egokitzea, ekipamenduak eta zerbitzuak edukitzea, eta horretarako lurra behar du.
Ezkiaga auzoaren garapena ere bidean dago, uholdegarritasuna saihesteko, Oria ibaia zabaldu eta CAFeko sarrerako eraikinak botata.
Ura Agentziaren esku dago obrak hastea; oraintxe izango delakoan gaude. Horrek Ezkiaga auzoari izugarri emango dio, eta ez uholdegarritasunaren eta zirkulazio aldetik bakarrik. Norabide bikoitza berreskuratzea da asmoa eta etxeetako espaloia zabaltzea eta beste aldean paseo geratzea. Lotura naturalagoa lortuko da Ezkiagarekin.
Uholdegarritasun arazoa konpondutakoan egingo duzue Gipuzkoa eta Arana kalea lotuko dituen zubia? Auzoa biziberritzeko urrats bat izango da?
Bai. Betitik nortasuna izan duen Arana kale hori berreskuratzen saiatzen ari gara. Herri erdi-erdian dago Arana kalea. Erabat oineztatu zen, baina bizitza eman behar zaio bai ala bai. Gune horrek daukan potentzialitatea handia delako, jende asko bizi da bertan, eta joan-etorriko toki bat izan behar du. Bizikidetzaren barruan, eta beste neurri batzuen artean, bizitza naturala eman behar zaio Aranari, pasoko tokia izan dadila. Bonberiari bizitza ematea aztertzen ari gara; dantza tradizionalari lotutako gune bat sortzea da aukera bat. Pentsatzen dugu merkataritzak ere bere gunea izango duela Arana berpizteko.
Merkataritza aipatu duzu, Loinazko San Martin plazatik beherako kaleetan denda asko itxi dira.
Aukerak ematea dagokigu, eta orain lokal hutsentzat ordenantza bat lantzen ari gara, lokal hutsak betetzeagatik alokairuan laguntzea. Baina merkataritzaren egoera dena da. Saiakera izugarria egin du udalak guneak oineztatzen, gune atseginak jartzen jendeak paseatu ahal izateko, eta dendak jendearen ikusgarri izateko. Ez dugu etsi behar, baina ez dakit Beasainen neurria non dagoen. Horregatik, esaten da zerbitzu berriak ekartzea garrantzitsua dela, IAT bezalako zerbitzuek egingo dute jendea erakartzea eta horrek emango dio bizitza tokiko merkataritzari. Era berean, azalera handiko merkataritzari bizkarra eman eta merkataritza txikiari ateak ireki behar dizkiogu. Beasainek tentazioak eta eskaintzak [Mercadona] izan ditu azkeneko agintaldian, eta ezezkoa esan zaie.
Langabezia %7 ingurukoa da.
500 bat pertsona egongo dira lanik gabe, gehienak ikasketarik gabeak dira, 40 urtetik gorakoak. Lanak duindu egiten du pertsona eta horren bila joan beharra daukagu. Enplegu Plana urtero jartzen dugu martxan, nahiz eta gure eskumena ez izan. Urtero 120.000 euro inbertitzen ditugu. Azkeneko urteetan Goierrirekin batera dozena bat beasaindarrek egiten dute ikastaroa, eta %80tik gora enplegugarritasuna dauka. Formakuntza da gakoetako bat. Bestalde, Arangoitin 15 plaza gehiago jartzeak lanpostu gehiago esan nahi du, IAT-a ekartzeak ere bai…
Adineko pertsonei begira, proiektu ugari dituzue eskuartean.
Azkeneko lau urteotako ardatzetako bat ere hori da: pertsona helduei bizi kalitatea hobetzen laguntzea. Ez bakarrik zerbitzu sozialetatik, prebentzioa ere landu behar da. Pentsa alzheimerraren kasuan, zaintzaileentzat zer den gaitza hiru urte atzeratzea. Dena den, proiektu berriak erabakitzeko lehendabizi diagnostikoa egin behar da eta horretan ari gara: 80 urtetik gorakoen etxeetan su detektagailuak jarriko ditugu, eta bitartean diagnosi bat egingo da etxe horietan zein behar dituzten ikusteko.Behar horien arabera, ikusiko dugu zein eskaintza egin behar diren.
Euskaraldia ere badator berriz.
Hori da gure nortasunetako bat. Guri Euskaraldiak zerbait eman baldin badigu, nire ikuspegitik behintzat, Aittu izeneko euskara elkarte bat sortzea izan da. Euskaraldiak Aittu indartzeko erraminta izan behar du. Euskaraz bizi nahi dugunon helburua izan behar da elkartea indartzea.
Goiekiko lehendakari izango zara datozen lau urteetan. Goiekiren milioi eta erdi euroko zorra Beasaini atxiki diote.
Goiekik eraikin berria egiteko erabakia hartu zuen. Diru laguntza zetorren Madrildik, eta horren zain, zorretan sartu zen. Lege berriarekin, Beasaini atxiki zaio Goiekiren zorra, partaidetzarik handiena duelako. Beraz, Beasaingo Udala da Goiekiren zorraren jabe, nahiz eta ez duen udalak ordainduko. Horrek dakar udalak plan ekonomiko finantziero bat egin behar izatea. Zorrari buelta emango zaio, denbora kontua da. Baina Goiekiren egitura aldatu egin beharko dela uste dut; Sasieta bezala, mankomunitate bat izateko aukera aztertzen ari gara, horrelakorik ez gertatzeko.
Beasaingo Udaleko hiru alderdietako ordezkariek izango dute lekua Goiekin, udal gobernu batzordean bezala.
Aurreko agintaldian ere erabaki bera hartu genuen. Niri iruditzen zait politikak, gaur egun, ez duela besterik ulertzen. 10 zinegotzi dauzkagu, hurrengoaren bikoitza [EH Bilduk 5]. Izenak berak dion bezala, gobernu batzordea kolore batekoa izatea litzateke logikoena, baina niretzat gardentasun ariketa da gobernu batzordean ere oposizioa sartzea.
Aurreko agintaldian hiru batzordeko udal antolaketa berria jarri zenuten martxan.
Hiru batzordeko antolaketa eredu hau ez da gurea. Gipuzkoan azkena, Hernanik jarri du; EH Bilduk eta PSE-EEk ere antolaketa bera jarri dute hainbat udaletan. Gardentasun eredua da.
Alkatearen eta alkateordearen soldatek oposizioaren kritikak eragin ditu aurten ere.
Horrekin politika egitea… Norberaren kontraesanak ateratzen dira hor. Ni Eudelen egon naiz eta Eudelen, soldata, ondorioa da. Parekotasun bat egiten da: ordainsarietan zer kobratu behar den, arduraren, langile kopuruaren… arabera. Eudelen bozkatzen denean, EH Bildu ondoan dago, eta alde bozkatzen du. Hemen, ordainsariak asko zirela iruditu eta aurka bozkatu arren, ez diete uko egiten kobratzeari.