Naiara Elgarresta: «Bilduma txikiak egin ditut eta esklusibotasuna eskaintzen dut»
Naiara Elgarrestak (Urretxu, 1986) Zapaten eta Osagarrien Diseinua ikasi zuen Florentziako unibertsitatean. Bere izena daramaten luxuzko poltsak diseinatzen ditu.
Betidanik al duzu gustuko moda kontua?
Bai. Umetatik. Aitari Donostiara eramateko eskatzen nion, zapata dendak ikustera. Oso argi nuen Florentzian Diseinua ikasi nahi nuela. Urretxukoa izanda hori ikasi nahi izateagatik txoratuta nengoela esaten zidaten, baina lortu nuen. Batxilergoa bukatu nuenean bi urte eman nituen Madrilen eta beste bi Londresen. En naizenez italiarra, Florentziako unibertsitatean ikasteko ingelesa behar nuen. Sarrera azterketa ingelesez egin nuen. Horregatik egon nintzen bi urte Londresen. Ondoren, lau urte eman nituen Florentzian.
Italian espero bezain gustura egon al zinen?
Bai, bai. Egun ere askotan joaten naiz Italiara. Kalitate goreneko gauzak han egiten dituzte. Italian ikusten diren diseinuak ezin dira beste inon aurkitu. Italia asko gustatzen zait. Florentzian oso gustura egon ninten: tokia oso polita da, hizkuntza gustatzen zait, pasta eta pizza ere bai… Gainera, italiarrak oso jatorrak dira. Gure antzekoak dira. Londresen gure ezberdinak dira.
Italia oso gustuko duzu, baina Euskal Herrira itzuli zara.
Urte asko eman nituen etxetik kanpo eta etxera itzultzeko gogoa nuen. Italian gelditzeko aukera eduki nuen, Chanel-entzat lan egiten, baina gurasoekin eta lagunekin egon nahi nuen. Kanpora zoazenean gauza asko irabazten dituzu, baina galdu ere bai. Hemen lana aurkitzea zaila zen, baina lortu nuen. Karrera hasi aurretik Donostiako Don Pascual dendan lan egin nuen eta bezero bati Florentziara joan behar nintzela esan nion. Zapaten eta Osagarrien diseinua ikasi behar nuela aipatu nionean, berak zapata enpresa bat zuela esan zidan. Enpresa bisitatzera joan nintzen, Italiatik informazioa bidaltzen nien eta ikasketak amaitu nituenen curriculuma utzi nien. Handik bi astera deitu zidaten. Ia bost urte daramatzat beraiekin lanean.
Non lan egiten duzu?
Juncal Aguirre markako alpargatak egiten dituen Calzanor enpresan diseinatzaile lana egiten dut. Enpresa hau Irungoa da. Alpargatak diseinuzkoak dira eta mundu guztian saltzen ditugu. Gure bezero nagusia Japonia da. Duela gutxi Milanen egon naiz, feria batean.
Gainera, luxuzko poltsak ekoiztu eta zure izena daraman webgunean saltzen dituzu.
Bi urte daramatzat hau prestatzen. Prozesu gogorra izan da. Ekoizle onak aurkitzea oso zaila da. Lagin batzuk negar egiteko gogoa ematen zidaten. Bost fabrikatan probatu ondoren, nik ezarritako kalitate maila duena lortu dut. Alacanten dago.
Zer dute berezia zure poltsek?
Oso kalitate onekoak dira. Merkatuan eskaintza zabala dago, baina kalitatezko produktuek urte asko irauten dute. Kalitateari garrantzi handia ematen diot. Hori dela eta, enpresa on batekin eta kalitatezko materialekin lan egiten dut. Langileen lan baldintzei ere garrantzia eman diet.
Zein larrurekin egin dituzu Naiara Elgarresta markako poltsak?
Kalitate kontrola pasa duen behi larruarekin. Kontrol honek be-hiari ahalik eta min gutxien egin diotela ziurtatzen du.
Zer diozu gainontzeko materialei buruz?
Poltsen barrualdea oihalezkoa da eta bi poltsiko dituzte. Kremailerak-eta ere kalitatezkoak dira eta mosketoietan nire izena grabatu dut.
Zer esango zenuke poltsen diseinuari buruz?
Diseinu minimalistak dira, baina forma bereziak dituzte. Koloreari dagokionez, gorria, beltza eta larru kolorekoa ditut.
Adin guztietakoentzat al dira?
Bai. Salneurria altu samarra da, baina kalitatezko poltsak dira. Webgunearen diseinua ordaindu behar izan dut, poltsa bakoitzak bere kaxa du… baina salneurria ahalik eta merkeena da.
Zergatik merezi du 200 euroko poltsa bat erosteak?
Kapritxo txiki bat da. Egunero ezin da halako poltsa bat erosi. Baina oso bilduma txikiak egiten ari naiz eta esklusibotasuna eskaintzen dut.
Etorkizunean zapatak ere egitea gustatuko al litzaizuke?
Karrerako azken azterketarako zapatak egin nituen, baina zapatak ekoiztea zailagoa da. Izan ere, taila asko egin behar dira. Stock handia behar da. Kalitate altuko gauzak egin nahi ditut eta hori garestia da.
Gaztetan eskubaloian jokatu zenuen.
Bera Bera taldean jokatzen nuen. Lehen taldera salto egin behar nuenean, lotailu-haustura izan nuen eta lau aldiz operatu zidaten. Eskubaloia utzi behar izan nuen. Ez dut lotailurik. Dena den, lesioa une onean izan nuela uste dut. Lesioari esker, ikasketak hasi nituen.