Jerusalemgo proiektuan ez parte hartzeko eskatu diote CAFeko langileek zuzendaritzari
Eskariari uko egin eta proiektua bertan behera utzi dezala eskatu diote zuzendaritzari, baina honek, "nazioarteko legediari ere aurka eginez negozioa egitea" erabaki duela salatu du batzordeak.
CAFeko Enpresa Batzordeak berretsi egin du Jerusalemgo tranbia proiektuaren aurkako jarrera, eta zuzendaritzak entzungor egin eta “negozioa egitea” erabaki duela salatu dute, eta “Palestinako herriaren aurkako politiken alderdi aktibo eta protagonista” izatea egotzi diote enpresari.
CAF Taldeak eta Israelgo Saphir eraikuntza-enpresak osatututako TransJerusalem J-Net Ltd kontsortzioak irabazi zuen Jerusalemgo tranbia proiektua egiteko lizitazioa. 1.800 milioi euroko bolumena duen eskaria da, eta horietatik 500 izango lirateke CAFentzat. Proiektu horren berezitasuna, ordea, tranbia hori Palestinako lur okupatuetan eraikiko dela da, bertan dauden israeldar kolonoen asentamenduak lotzeko erabiliko baitute.
Enpresa Batzordeak otsailean eskatu zioen zuzendaritzari atzera egin eta lehiaketa horri uko egin ziezaiola. CAFeko zuzendaritzak, ordea, “Enpresa Batzordeari jaramonik egin gabe, nazioarteko legediari ere aurka eginez, negozioa egitea erabaki” duela salatu dute langileek. Izan ere, haien ustez “CAF ez da trenbide-sistema huts baten hornitzailea bakarrik izango, Palestinako herriaren aurkako politiken alderdi aktibo eta protagonista” ere bihurtuko baita. Langileek gogorarazi dute NBEk berak ere “legez kanpokotzat” jotzen duela Jerusalem ekialdeko lurren okupazioa, eta horrenbestez, “indar okupatzaileak ezarritako lan hori ere legez kontrakoa” dela.
Langileen ordezkari bezala, “oso kezkatuta” agertu dira CAF partaide den beste lehiaketa publiko batzuetan, eskari honek izan dezakeen eragin publikoagatik. Europako enpresa garrantzitsuenek, tartean Alstom, Siemens, Systra, Bombardier edo McQuarie, lehiaketa hori lizitatu aurretik utzi zutela gogorarazi dute. Palestinako Agintaritza ere Espainiako Gobernuarekin harremanetan jarri dela diote, CAF enpresari bide berea jarrai dezan eskatzeko.
Proiektua aurrera aterako balitz, bertan ariko liratekeen langileen segurtasunagatik ere kezka agertu du batzordeak. “Inork ezingo luke CAFeko langileen segurtasuna bermatu obran bertan lan egin behar izanez gero. CAFeko langileek gatazka-eremu batera joan beharko dute lanera, eta horrekin, CAFeko zuzendaritzak bere langileak jartzen ditu arazoaren erdigunean.