Maddi Mujikak jantzi du Euskal Herriko duatloi txapela Arriaranen
Gizonezkoetan Eneko Gurrutxaga da txapelduna;. 25 urtez azpikoen artean, Mikel Zabalegi ordiziarra. Arriarango proba Iñaki Isasik eta Maria Gomezek irabazi dute
Giro onean jokatu zen larunbatean Euskal Herriko mendi duatloi txapelketa erabakitzeko aukeratutako Arriarango mendi duatloia; Euskal Herriko mendi duatloi zirkuituko laugarren proba puntuagarria ere bazen. Mailaz maila, 70 haur izan ziren korrika eta txirrinduan jarduten lehenak. Ondoren, 16:00etan puntuan, korrika abiatu ziren helduak. Guztira 84 kirolarik hartu zuten parte; 62 banaka eta 11 bikote. Sei kilometro egin behar izan zituzten lehendabizi korrika, ondoren 14 mendiko txirrinduan eta azkenik, bi kilometro korrika.
Helmugara iristen lehena Iñaki Isasi izan zen (01:21:44); bigarrena, Eneko Gurrutxaga (01:22:29) iritsi zen eta hirugarrena, Jon Durana (01:23:27). Lehenengo goierritarra Mikel Zabalegi ordizarra izan zen. Emakumezkoetan, Maria Gomez errioxarra izan zen (01:49:31) helmugan lehenengoa; bigarrena eta lehenengo goierritarra Maddi Mujika (01:53:15) eta hirugarrena, Laura Perez (01:56:37).
Erreleboka, Iker Eskibel eta Aitor Elkorobarrutia izan ziren irabazleak eta taldeka, berriz, Tolosaldeko Galarregi Galdaraz taldea.
Euskal Herriko txapelak
Larunbatean, beraz, bi sari banaketa egin ziren: batetik, Arriarango probaren irabazleena, eta bestetik, Euskal Herriko txapelketarena. Honela, Euskal Herriko elite mailako txapela Eneko Gurrutxagak eta Maddi Mujikak jantzi zuten; 25 urtez azpikoena Mikel Zabalegi ordiziarrak nesketan inork ez zuen parte hartu; 35 urtetik gorako emakumezkoetan Laura Perezek eta 40 urtetik gorako gizonezkoetan, Iñaki Isasik.
Arriarango mendi duatloia antolatzen duen Intxaurpe elkarteko kideek bazuten arantza bat 2009ko mendi duatloitik, eta larunbatean bertan atera zuten arantza hori, duela 10 urteko Arriarango mendi duatloia irabazi zuen Endika Gartzia nafarrari txapela jantzita. Arriarandarren esanetan, «orain dela 10 urte Euskadiko Federazioak Endikari Euskal Herriko txapeldunaren txapela lapurtu zion, Nafarroako talde batean lizentzia edukitzeagatik; 10 urte beranduago Arriaranen berreskuratu du, zorretan geundelako». Iñaki Isasik jantzi zion txapela nafarrari.
Mokadutxoarekin amaitu
Ohi bezala, Arriaranera gerturatu ziren guztiek, arriarandarrek talde lanean prestatu zuten mokadutxoaz gozatzeko aukera izan zuten, besteak beste, goiko argazkian ikus daitezkeen patata tortillak. Antolatzaileek sare sozialetan zioten bezala, «hauek bai Euskal Herriko txapeldunak!».