Sebastian Navarretek irabazi du Urretxuko jaietako argazki lehiaketa
Donostiarra da eta lehenengoz parte hartu du lehiaketa honetan. Bigarren saria Iker Gutierrez zumarragarrak lortu du eta hirugarrena Mikel Basabe hernaniarrak
Urretxuko jaietako argazki lehiaketa Sebastian Navarrete donostiarrak irabazi du. Bigarren argazki onenari dagokion saria Iker Gutierrez zumarragarrak irabazi du eta hirugarren argazki onenari dagokiona Mikel Basabe hernaniarrak. Herriko argazkilari onenaren saria Octavio Cirez zumarragarrak eskuratu du.
Haurren mailan, lehen saria Iker Ruiz urretxuarrak irabazi du, bigarrena Unai Azarola zumarragarrak eta hirugarrena Raul Ruiz urretxuarrak. Aurtengo lehiaketan 18 lagunek parte hartu dute: hamalau helduk eta lau haurrek. Epaimahaia eskualdeko hiru argazkilarik osatu dute: Asier Imaz legazpiarrak, Gotzon Aranburu zumarragarrak eta Josu Perez urretxuarrak.
Irabazlearen hitzak
Navarretek 53 urte ditu eta duela 25 urte baino gehiago zaletu zen. «Autodidakta naiz. Liburuak eta aldizkariak irakurriz eta lehiaketetan parte hartuz ikasi dut». Internet bidez izan zuen Urretxuko lehiaketaren berri. «Nire semearen neska-laguna Zumarra- gakoa denez, Urretxuko lehiaketan parte hartzera animatu nintzen. Jaietako igandean joan nintzen Urretxura, emaztearekin. Han bazkaldu genuen eta ondoren karrozen ibilbidea ikusi genuen. Festak asko gustatu zitzaizkidan. Gainera, eguraldi ona egin zuen».
Lehiaketara hiru argazki aurkeztu zitzaketen gehienez. Bere irudietako protagonistak erraldoi bati eskua ematen ari zaion neska bat, elkarri eskua ematen ari diren bi erraldoi eta Lurra taldeko dantzariak dira. Neskaren argazkiarekin irabazi du lehiaketa. «Niri ere argazki hori da gehien gustatzen zaidana».
Ilusio handia egin dio Urretxuko lehiaketa irabazteak, lehenengoz lortu baitu lehen saria. «Orain arte atalen batean bakarrik lortu ditut sariak: Donostian, Urnietan eta Oliten. Urretxura itzuliko naiz, noski. Sari honek mundu honetan jarraitzera animatzen nau».