Baserritarren Eguna eta Gazta Txapelketa Idiazabalen
Euskal Herriko 36. Gazta Txapelketa ospatu da gaur goizean Idiazabalgo baserri egunean.
Gaur goizean ospatu dute idiazabaldarrek VIII. Baserritarren Eguna. Gainera, Artzai Gazta elkarteak antolatutako Euskal Herriko 36. Gazta Txapelketa ere bertan izan da.
Eguraldia lagun izanik, egitarau beteaz gozatzeko aukera egon da. Pilotaleku zaharrean adibidez, bertako baserritarrek haien ganadua erakutsi dute. Bestalde, herri kirolak eta ekoizleen produktuen salmenta izan dira protagonista plaza inguruan.
Gazta Txapelketa ere plazan izan da. Epaimahaia lehiaketan parte hartu duten gaztandegi zein baserrietako gaztak dastatzen jardun da horietako gustukoena aukeratuz. Aurtengo saria Lekarozera joan da, Kortaria gaztandegiak lehenengo postua irabaztea lortu baitu Infernuko Gasnarekin. Epaimahaiaren iritziz, bigarren gaztarik onena Olaberrian kokatzen den Aizpea gaztandegiak ekoizten duena da. Sailkapeneko hirugarren postua aldiz, Joseba Insausti ordiziarrak lortu du Otatza gaztarekin. Baztarrika baserriak irabazi du ordea txapelketa herrikoia.