Aralarko larratze eza ikertzeko itxitura bat hondatu dute
Enirio-Aralar Mankomunitateak jakinarazi dutenez, Alotza inguruko itxituran 100 hesola eta 150 metro alanbre lapurtu dituzte.
Aralarren EHUko Landareen Biologia eta Ekologia sailak larratze eza ikertzeko dituen lau eremuetako bat hondatuta azaldu da. 50×50 metro inguruko eremuak dira: bata Oiduegi inguruan dago, 860 metroko altueran, beste bi Alotza eta Alotza bigarrenean (1.100 metrotik gora) eta laugarrena Igaratzan, 1.200 metrora.
Alotzakoa da kalteak jasan dituena. Enirio-Aralar mankomunitateak jakinarazi duenez, eremu horretatik 150 metro alanbre eta 100 hesola lapurtu dituzte, itxitura bera desagerraraziz. EHUko lantaldea 2005ean hasi zen bertan ikerketak egiten.