ENPRESA BATZORDEAREN OHARRA
Enpresa Batzordetik CAFeko langile guztioi gure atsekabea helarazi nahi dizuegu, gure lankidea zen Endika Arroyo Jauregiren heriotzarengatik, trafiko istripuan hil da errodajeetako bere lanpostuan gauez lan egin ondoren etxera bueltan zihoala.
Lehenik eta behin gure doluminak eta besarkada beroena Endikaren familiartekoei.
Ez dugu inolaz onartzen, lanera etortzeagatik inor hil dadin, Zuzendaritzaren ardura ere bada gure lanpostuetatik etxera, bizirik eta osasuntsu iristea.
Istripu mota hau in itinere gertatutako lan istripu bat izanik, ez da lanpostuan edo enpresan gertatutako lan istripuetako protokolo bera aktibatzen.
Istripuaren nondik norakoak erabat zehaztu gabe badaude ere, beste inguruko enpresetan egiten den moduan, ordubeteko paro deialdi bat burutzea proposatzen dugu. Paroa bihar urriak 16 asteazkena, 11:00etatik 12:00etara bulego orokorren aurrean burutuko litzatekeelarik bertan kontzentrazio bat eginez.
Arratsaldeko eta gaueko erreleboko langileek, urriaren 16an hasitako lanaldiaren azken orduan burutuko dute geldialdia.
Paro ordu honetaz gain, eta historian zehar gure aurrekoengandik jaso izan ditugun konpromiso eta elkartasun baloreak jarraituz, Beasaingo CAFeko plantila osoaren lanordu bat Endikaren familiarentzako bideratuko da.
LAN ISTRIPURIK EZ!!
Beasainen 2019ko urriaren 15ean
CAFeko langile bat hil da auto istripuan, lanetik etxera zihoala
Enpresa batzordeak ordubeteko geldialdia deitu du bihar goizerako. 'In itinere' edo lanerako bidean izandako istripuak ez direla estatistiketan aintzat hartzen salatu dute.
Beasaingo CAF enpresako langile bat hil da gaur, goizaldean izandako trafiko istripuan, CAFeko Langile Batzordeak jakinarazi duenez. Lanaldia bukatuta, etxera bidean zihoala gertatu da ezbeharra, N-1 errepidean. Hildakoaren senitartekoei eta lankideei “babesa eta elkartasuna” eskaini die batzordeak. Enpresa batzordeak, ordu beteko geldialdia deitu du biharko, 11:00etatik 12:00etara.
Batzordeak atera berri duen oharrean dionez, “ez dugu inolaz onartzen, lanera etortzeagatik inor hil dadin”, eta “lanpostuetaik etxera, bizirik eta osasuntsu iristea zuzendaritzaren ardura” ere badela gogorarazi dute. Gainera, ‘In itinere’ gertatutako lan istripuetan, “ez da lanpostuan edo enpresan gertatutako lan istripuetako protokolo bera” aktibatzen.