'Erreferenduma ez da delitua' lelopean elkarretaratzea egin dute Legazpin
Atzo Espainiako Auzitegi Gorenak jakinarazitako epaiaren ostean "larrialdi demokratikoan gaude" esan zuten Gure Esku Dago-k deitutako protestan
Legazpin eta Goierriko zein Euskal Herriko herri nahiz hiriburuetan elkarretaratzeak deitu zituzten atzo iluntzerako. Gure Esku Dago-k egindako deialdiari herritar askok erantzun zioten Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako buruzagi sozial eta politiko subiranistei ezarritako 9 eta 13 urte bitarteko espetxe zigorra jasotzen duen epaia jakitera eman eta gero. Legazpin “erreferenduma ez da delitua” lelopean Gure Esku Dago-ren manifestua irakurri zuten, non “larrialdi demokratiko batean” gaudela zioten. “Oinarrizko eskubideak erabiltzea ezin da delitua izan demokrazian. Alderantziz, botere publikoen ardura da haien erabilera bermatzea”.
Euskal Herrirako, baita ere, erreferenduma egiteko eskubidearen aldarria egin zuten, ” ez izan zalantzarik, bidea irekiko diogu erabakitzeko eskubideari, gure estatus politikoa libre eta demokratikoki erabakitzeari”. Elkartasuna eta berotasuna adierazi nahi izan zieten, bidenabar, “epai honen bidegabekeriaren ondorio larriak pairatu behar dituztenei eta haien senideei”. Bide batez, Altsasukoak aske ere nahi dituztela aldarrikatu zuten.