Ezker Anitzak bi hitzaldi antolatu ditu Zumarragan larunbaterako
Eskola feminista egitasmoaren barruan, Sonia Vaccaro eta Sara Vicente hizlariak gonbidatu dituzte. Ondoren bazkaria ere egingo dute.
Ezker Anitza alderdiak eskola feminista antolatu du larunbat honetarako. Bi hitzaldi, luntxa eta bazkaria egongo dira.
10:00etan Sonia Vaccarok gurasoen alienazio sindromea delakoari buruzko hitzaldia emango du. Sindrome hori seme-alabak beste bikotekidearen aurka jartzen dituenari diagnostikatzen zaio. Vaccaro psikologo klinikoa eta forentsea da, eta Consuelo Barearekin batera gaiari buruzko liburu bat argitaratu du.
Hitzaldi horren ondoren, 12:00etan, hamaiketakoa egingo dute. 12:15ean Sara Vicentek indarkeria sexualari eta prostituzioari buruzko hitzaldia egingo du. Vicente Nafarroako emakumeen aurkako tratu txarrak ikertzen dituen batzordeko kidea da. Ekitaldi horiekk Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean izango dira.
Ondoren, bazkari feminista egingo dute. Bazkarian parte hartu nahi dutenek 638 85 05 29 telefono zenbakira deitu behar dute.
Larunbateko jardunaldia atzo aurkeztu zuten, Zelai Arizti kultur etxean bertan. Ekitaldian Ester Palacio Gartzia Ezker Anitzako Berdintasun batzordeko koordinatzaileak eta Ines Benitez Elkarrekin Zumarragako zinegotziak parte hartu zuten.
Palaciok alienazio sindromea epaile batek diagnostikatzen duen gaixotasun bakarra dela eta normalean emakumeei diagnostikatzen zaiela esan zuen. «Errezeta seme-alabekin egoteko aukera ukatzea izaten da», salatu zuen Ezker Anitza alderdiko kideak.