Goierriko hainbat okindegik parte hartuko dute 'Primerako ogia' kanpainan
Ogiaren Munduko Eguna dela eta, ogi mota desberdinak probatzeko aukera izango da bihar, Goierriko sei herritan.
Ogiaren Munduko Eguna ospatuko da bihar nazioartean, eta Goierrin, hainbat ekimen antolatu dituzte egun horren bueltan. Agipan Gipuzkoako okindegien elkarteak, esaterako, okindegi tradizionalak nabarmentzeko eta merkataritza-establezimendu txikietan kontsumoa sustatzeko Primerako ogia kanpaina jarri du martxan.
Guztira, lurraldeko 51 okindegik parte hartuko dute egitasmoan; egiten dituzten ogi mota desberdinak doan probatzeko aukera emango dute bihar. Tartean, Beasain, Lazkao, Legazpi, Ordizia, Urretxu eta Zumarragako saltokiak daude.
Agipan elkartearen arabera, ogigile artisauek “fabrikatzaile handien ogi-ekoizpen masiboan gero eta lehiakortasun handiagoa” dute aurrean. Elkartea Gipuzkoa osoko 140 okindegik osatzen dute, eta denera, 1.800 laguni ematen diote lana.
Hitzaldia Ordizian
Bestalde, Ordiziako D’Elikatuzek antolatuta, Ogia nondik eta noraino hitzaldia eta ogi mota desberdinen dastaketa egingo dute bihar, Garin okindegiaren eskutik. Saioa 18:00etan izango da, D’Elikatuz zentroan. Parte hartzeko, aurrez eman behar da izena, 943 88 22 90 telefono zenbakira deituta.