Idiazabalen ere jantzi du txapela
Julen Arburuaren Inpernuko Gasnak irabazi du Euskal Herriko 36. Artzai Gazta Txapelketa Idiazabalen. Baserritarren Egunak lehen sektorea plazara ekarri du
Urte borobila izaten ari da Julen Arburuarentzat. Igandean Idiazabalen jokatu den Euskal Herriko 36. Artzai Gazta txapelketan ere jantzi du txapela. Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako Artzai Gazta txapelketetako lehen 10 postuetan sailkatutako gaztak lehiatu ziren, 40 guztira. Arburua, Nafarroako irabazle gisa aurkeztu zen eta Ordiziako Euskal Jaietako gazta txapelketa bigarren aldiz irabazita zetorren, besteak beste. Lekarozko artzainak, egurrezko kaikua eta 1.000 kilo pentsu ere eraman zituen.
Lekarozkoarekin batera, Goierriko bi gaztandegik osatu zuten podiuma. Bigarren Olaberriko Aizpea gaztandegiko Eli Arrillaga eta Mikel Etxezarreta sailkatu dira, eta hirugarren, Ordiziako Otatza gaztandegiko Joseba Insausti. Gazta txapelketa herrikoian, berriz, Gabiriako Baztarrika izan da irabazlea.
Urte osoko lana
Euskal Herriko Artzai Gazta Txapelketa zazpigarren Baserritarren Egunaren barruan egin zuten. Lehen sektorean jarduten dutenen urte osoko lana gizarteratzeko asmoarekin antolatutako eguna da. Egitarau oparoak eta eguraldi bikainak lagunduta, idiazabaldarrek eta bisitariek kaleak bete zituzten.
Ikusteko ugari egon zen. Plaza inguruan, ekoizleen produktuen erakusketa eta salmenta postuak jarri zituzten. Gazta egite erakustaldia eta haurrentzako gazta dastaketa ere egin zituzten. Pilotaleku zaharrean animalia erakusketa egin zuten tokiko baserritarrek eta areto futboleko kantxan, lehengo eta oraingo baserritarren lan tresnak jarri zituzten erakusgai.Kirolari ere egin zioten tartea, Txomenamen, herri kirol erakustaldia egin baitzuten.
Gainera, gaztaren Interpretazio Zentroa ere bisitatzeko aukera egon zen. Bertan Luis Katarain artzainaren artelanen erakusketa ere ikus daiteke. Erakusketa, datorren urriaren 27ra bitarte egongo da irekita larunbatetan eta igandeetan 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.













