La Bellota Extremadurako Zentroan 23. Kultur Astea ospatzen ari dira
Zentroaren ateak legazpiar guztientzat "zabal-zabalik" daudela diote. Bihar jubilatuen eguna ospatuko dute, eta ostiralean, umeena.
Legazpiko La Bellota Extremaduratik iritsitako langileek sortutako zentroan urtero-urtero bezala Kultur Astea ospatzen ari dira; aurtengoa 23. ekitaldia da.
Ez dago prestatu duten ekintza egitarauan berritasun handirik, baina Kultur Astea ospatzeari ez diote uzten nondik datozen ez ahazteko. Ana Sanchez elkarteko kideak azpimarratu du ekintzak bazkideentzat bai, badirela, baina zentroaren ateak «zabal-zabalik» daudela legazpiar guztientzat.
Karta-jokoak, bihar ospatuko duten jubilatu eguna, haurren eguna eta meza. Horiek igandera bitartean egingo dituztenak. Jubilatu egunean txokolatea eta erroskillak eskainiko dituzte, «guk zentroan egindakoak». Ostiraleko haurren egunean jolasak, eta umeei «goxokiak» emango dizkietela euskaraz esan du Sanchezek extremadurar doinuarekin.