Sagarraren doinu eta koloreak
Ezkioko Igartubeiti baserri museoan Sagardoaren Asteko kirikoeta eta antzezpena egin dituzte asteburuan. 'SagarArte' erakusketa ikusgai izango da urte bukaerara arte
Udazkenarekin batera iristen da sagardoa egiteko garaia, eta Ezkion tarte berezia eskaintzen diote urtero prozesu horri. Joan den asteazkenetik ari dira Sagardo Astea ospatzen Igartubeiti baserri museoan, eta asteburuan, Kirikoketa eta sagar jotzea, Igartubeiti baserriko Kortabarria familiaren antzezpena, sagar lehiaketa eta musika izan dituzte, besteak beste.
Aurten 18. urtea bete du sagardoari eskainitako asteak. Dolarearen bueltan erakitako XVI. mendeko baserria da Igartubeiti, eta garai hartara eraman dituzte bisitariak, Kortabarria familiak baserria eta garai hartako bizimodua irudikatu baititu. Sagarra jotzeko kirikoketaren doinu eta erritmoak ezagutu dituzte bisitariek Ostadar taldekoen eskutik, eta dolare zaharra ere martxan ikusteko aukera izan da.
Sagarrak ere izango du bere tokia. SagarArte erakusketak sagarraren mundua arte bilakatu duten hainbat artisten lanak erakutsiko ditu. Eta herrian bertan ekoitzitako sagarrak ere ikusgai daude baserriaren atarian.













