CAFeko lankidearen heriotza «lan istripua» izan dela salatu dute langileek
CAFeko Enpresa Batzordeak deituta, ordubeteko lanuztea egin dute gaur Beasaingo lantegian. Familiari elkartasuna adierazi eta istripua 'in itinere' gertatu zela gogorarazi dute.
Beasaingo CAF lantokiko Enpresa Batzordeak deituta, ordubeteko lanuztea egin dute gaur, atzo goizaldean hildako lankidea gogoratzeko. Errodajeetako bere lanpostuan gauez lan egin ondoren, trafiko istripua izan zuen, etxera bueltan zihoala. Ezbehar hori ‘in itinere’ gertatu zela gogorarazi dute lankideek, eta horrenbestez, «lan istripua» izan dela. «Ez dugu inolaz ere onartzen lanera etortzeagatik inor hil dadin». Lanpostutik etxera «bizirik eta osasuntsu iristea zuzendaritzaren ardura» ere badela gogorarazi dute.
Hildako lankidearen senitartekoei «doluminak eta besarkada beroena» helarazi dizkiete. Horrez gain, eta «aurrekoengandik jaso izan ditugun konpromiso eta elkartasun baloreak» jarraituz, Beasaingo lantegiko plantila osoaren lanordu bat haren familiarentzako bideratuko dute.
Elkarretaratzea bukatutakoan, Enpresa Batzordeko ordezkaritza bat beilatokira joan da, familiari lantalde osoaren izenean doluminak ematera. Era berean, haren hileta bihar, osteguna, arratsaldeko 19:30ean egingo dela jakinarazi dute, Amarako elizan.
Eguerdiko elkarretaratzean, ondorengo bertsoak eskaini dizkiote lankideek Endika Arroyori: