Gazteak baserri mundura gerturatuz
Idiazabalgo gazte talde batek baserri mundura gerturatzeko kanpaina egin zuen duela 15 urte. Ordiziako Santa Ana abesbatza Erroman izan zen, eta Aita Santuaren bedeinkazioa jaso zuten.
Gazteen eta baserri munduaren arteko arrakala handia zela ikusita, Idiazabalgo Gazte Asanbladak ekimen berezia jarri zuen martxan, duela 15 urte. Hurbilpen kanpaina horrekin, hausnarketa ere eragin nahi zuten gazteen artean. Urtzi Intxaustiren ustez, “nekazaritzak oso errealitate gogorra” bizi du; eta globalizazioa, egoera ekonomikoa eta baserri munduko kulturaren galbidea aipatzen zituzten arrazoien artean. Abuztutik urrira bitartean, herriko hogei bat gazte herriko baserritarrei laguntzen aritu ziren, auzolanean hainbat proiektu eginez. Behiei azpiak atera, jaitzi, hesiak eta hesolak konpondu zituzten, besteak beste.
Kultura arloan, abesbatzen inguruko kontuak izan zituen hizpide Hitzak, 2004ko urriaren 16an. Batetik, Ordiziako Santa Ana abesbatzakoak Erroman izan ziren, eta Aita Santuaren bedeinkazioa jaso zuten. Emozioz gogoratu zuten unea Inma Goiburu eta Javier Ormazabal abesbatzako kideek. “Sentitu genuen zirrara ulertzerik ez dago hura bizi izan gabe”.
Bestetik, Urretxu-Zumarragan Udazkeneko Musika Zikloa hastekoak ziren, eta Goiargi abesbatzaz gain, Gasteizko, Pasaiko eta Suediako abesbatza banak ere parte hartu zuten.